Durangoko jaiak

“Aitari begira ikasi dugu; bera izan da gure maisua”

Aitziber Basauri 2018ko urr. 11a, 15:50

Asierrek, Urkok eta euren aitak, Angel Garatek, Euskal Herriko III. Burduntzi Txapelketan hartu zuten parte irailean. Hamaika parte-hartzaile izan ziren Hernanin jokatu zen txapelketan, eta Urkok ekarri zuen txapela etxera. Sanfaustoetan, anaia biek erretako oilaskoa dastatzeko aukera egongo da Txosnagunean. 700 pintxo banatuko dituzte, urriaren 12an.

Euskal Herriko burduntzi txapelketako txapela ekarri duzu etxera, Urko; oraingoan asmatu duzu.
Urko Garate: Bai! Egia esan, hiruron artean egin genun beharra. Anaia biok eta aita elkarregaz aritu ginen. Bakoitzak bere bildotsa zaintzen du gehiago, baina denon txapela da.
Asier Garate: Berea da meritua. Berak aurkeztu zuen bildotsa, berak ebaki. Denon artean zaindu genituen, baina bildotsa bakoitzak aukeratu zuen. Urkok irabazi zuen

Non dago trukoa?
U. G.: Dugun ezagutza aplikatzea. Lehenengo, bildotsa egiten uzten dugu, suabe-suabe, lau bat orduan, eta azken unean bizitu egiten dugu txingarra. Halaxe egiten dugu. Ez dago bestelako trukorik. Ekinean ikasi dugu. Begiz ikusten dugu bildotsa ondo dagoen eginda ala ez. Esperientziak erakusten du.
A. G.: Besteek legez, geuk ere botatzen diogu ‘edabea’, baina zenbat denbora behar duen jakin behar da eta, unearen arabera, txingar bizia edo motela behar duen. Aldagai asko daude eta esperientziagaz lotzen ditugu denak. Bestalde, okela desberdina da neguan edo udan, dagoen tenperatura edo haizea hartu behar da kontuan... ez dago formula bat, gure esperientzia da formula.

Hamaika parte-hartzaile izan zineten, erdia baino gehiago bizkaitarrak.
A.G.: Bai, sei bizkaitar izan ginen. Denak durangarrak. Ordezkaritza handia da.
U.G.: Zaletasun handia dago Durangon.

Nondik datorkizue zaletasuna?
U.G.: Aitarengandik. Oso zalea izan da umetatik eta, ekinean, zaletasuna ofizio bihurtu du. Amamarenean, baserrian, askotan erre dugu bildotsa burduntzian. Aitari begira ikasi dugu. Bera izan da gure maisua.
A.G.: Aitari ikasi diogu burduntzian erretzen, eta, batez ere, bildotsa janda. Horrela, badakigu nola  dagoen. Epaile lana egin behar da lehenengo, eta gero ekin. Aita umetatik ikusi dugu bildotsa erretzen, eta ikasten joan gara.

Gaztetxo hasi zineten...
U.G.: Txahala erretzen, 14-15 bat urtegaz. Gero, oilaskoa. Askotan pentsatu dugu ea nolatan gabiltzan honetan... Gurasoei laguntzen hasi ginen eta hemen gaude.
A.G.: Eskua hartzen joan gara apurka, eta, gero eta eskari gehiago hartzen: bildotsa, txerria, oilaskoa, hanburgesak, pottoka...

Alde handia dago bat edo bestea erretzeko orduan?
U.G.: Bai. Ordu kopuruan batez ere. 12 ordu behar dira txahala erretzeko. Aurreko prestaketa eta osteko banaketa eta garbiketa lanak gehitu behar. Txerria erretzeko, 10 ordu behar dira, eta bildoltsa erretzeko, lau. Bakoitzak bere sekretuak ditu.
A.G.: Bildotsa plater oso berezi lez hartzen da. Gabonetarako, adibidez. Baina guri txahala gustatzen zaigu gehien; niri, oilaskoa ere bai. Baina oso gozo geratzen dira denak brasan.

Jaietan oilasko errea eskainiko duzue.
U.G.:  Bai. 700 pintxo banatuko ditugu, ea giroa berotzen dugun.

Baduzue lana...
A.G.: Gainera, beste herri batzuetan azoka garaia ere bada hau, eta lan asko izaten dugu.

Gustuko dugu burduntzian erretakoa?
U.G.: Bai, etorri zaizkigu gozo dagoela esanez, ondo prestatuta dagoela. Eskertzekoa  da, lan gogorra da-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!