Durangoko jaiak

“Egun hain berezi batean herritarrak ordezkatzeko deitu izana harrotzeko modukoa da"

Jone Guenetxea 2018ko urr. 11a, 09:30

Argazkia: Kepa Bordés Argoitia

Kazetaria grabagailua piztera doala, Kirmen Uribe idazlearen deia jaso du Zugazak. Durangoko txupinazoaren harira, ANBOTOk elkarrizketa egin behar diola aurreratu dio. Ondarroarrak Bilboko txupinazoa jaurti zuenez, aholkua eskatu dio Arte Ederren Museoko zuzendariak. “Laburra eta umoretsua izan dadila”, erantzun dio idazleak. Hamaika aurkezpen eta agerralditan aurpegia ematera ohituta dago Zugaza, beti ere erakunderen baten izenean. “Oraingoan nire buruaren izenean berba egitea tokatzen zait, eta horregatik nago urduri”, aitortu du durangarrak.

Txupinazoa jaurtiko duzu. Ardura handia da hori.
Oso eskertuta nago nigan pentsatu dutelako. Egun hain berezi batean herritarrak ordezkatzeko deitu izana harrotzeko modukoa da. Ardura ere bada. Txapligoa botatzea baino ez zela uste nuen, baina zer edo zer esan behar da.

Oso lanpetuta ibili zara azken asteetan. Pentsatu duzu mezurik?
Egia esan, oso zaila da. Jende asko gerturatzen zait zer esango dudan galdetzera.

Zelan bizi dituzu sanfaustoak jaien erdigunean bizita?
Niri, orain, gehiago gustatzen zaizkit jaiak egunez. Goizeko giroa, musika, dantzak… Zortzi urteko neskatila bat dugunez, goizeko ekitaldi guztiekin asko gozatzen dugu. Gauean irtetea gazteagoentzat dela uste dut, semeentzat esate baterako. Horiek serioago hartzen dute gaueko egitaraua (barrez).

Aurten sokamuturraren aurkako elkarretaratzea antolatu dute. Zalea zara?
Ez naiz oso zalea. Jaien tradizioaren parte da eta segurtasunagaz egiten dela uste dut. Hala ere, iritzi guztiak errespetatzen ditut.

Zure ibilbide profesionalean, urte askoan Madrilen aritu zara eta munduan zehar bidaiatu duzu, baina Durangon bizitzeari utzi barik. Profesionalki herritik kanpo egon arren, herrian bizitzen jarraitu duzu. Erabaki kontziente bat izan da?
Guztiz kontzientea izan da. Madrilen lan egin arren, Durangon bizi izan naiz. Madrildik ere munduko mila txokotara proiektatu arren, beti bizi izan naiz hemen, familia hemen egon delako. Madrilen ez bizitzea erabaki genuen. Beraz, Madrilen lanean egon naizen 15 urteotan, hona etorri izan naiz asteburuetan. Ahalegin handia izan da, niretzat baino gehiago familiarentzat, eta, batez ere, emaztearentzat. Izan ere, pertsona biren ardura hartu du bere gain.

Artearen munduan, lehen pausoak Durangon eman zenituen, Leopoldo Zugaza aitagaz. Zelan gogoratzen duzu sasoi hura?
Anaiek, beste pertsona askok eta nik neuk egindako lehen pausoak Leopoldoren inguruan izan ziren. Antolakuntzarako gaitasun itzela zuen. Laguntzeko eskuak behar zituen beti. Gogoan dut, editoriala abiatu zuenean, anaiok biltegia ordenatzen ibiltzen ginela umetan. Jesus Astigarragagaz Hitz liburu-denda martxan jarri zuenean, Cambio 16 aldizkariak banatzen genituen etxerik etxe.

Zuen aitak Ezkurdiko erakusketak antolatzen zituen.
Anaia Juan eta biok udal aretoak zaintzen jartzen gintuen. Arteagaz zerikusia duen lehen esperientzia profesionala izan nuen.

Apurka-apurka ardura handiagoak hartzen hasi zinen?
Bilera argazkigintza jardunaldia antolatu zen Durangon, eta hor parte-hartze profesionalagoa izan nuen, helduagoa. Beraz, profesionalki, Durangoren inguruan trebatu naiz.

Ondoren, Bilboko Arte Ederren Museora joan zinen, eta handik Madrilgo Prado Museora. Zelako urteak izan dira?
Profesionalki, urte zoragarriak izan dira. Lan intentsoa izan da, eta oso arin pasatu diren sentsazioa izan dut. Madril aurretik ezagutzen nuen, Artearen Historia han ikasi bainuen. Reina Sofia Museoan ere lan egindakoa nintzen. Beraz, Madril gustuko dut eta lagun oso onak ditut han.

Bilboko Arte Ederren Museoan erakusketa inauguratu berri duzue. ABC Bilboko Museoaren alfabetoa. Kirmen Uribe izan duzue bidelagun. Zerk inspiratu zintuen Kirmen Uribe lantaldera batzeko?
Eraikin zaharra eraberritze baten ostean berrinauguratu gura genuen. Museoa azalberritu dugu. 31 sala genituen, eta aukera bi: Artearen historialari moduan egin ohi dugun legez kronologikoki eta eskolaka egin, edo beste narratiba bat proposatu.  Ildo horretatik, Kirmen beti dago museotik oso gertu. Bere nobelak museoko koadroren batetik abiatzen dira, Artetaren edo Guezalaren batetik. “Zergatik ez diguzu museoaren alfabeto bat sortzen laguntzen?”, galdetu nion. Berbak bilatu ditzakegu, eta horiek dira gure artelanak aurkezten dituztenak. Egia esan, esperientzia oso interesgarria izan da proiektuan parte hartu dugun guztiontzat, eta baita publikoarentzat ere. Museoko bildumaren berezitasunak eta kalitatea ezagutzen laguntzen du. Era berean, arteaz gain beste istorio batzuk ere badituela erakusten du arteak.  Artera sartzeko beste ate batzuk erakusten ditu. Areto bakoitza letra bat da. Letra horregaz berba bat proposatzen du, eta areto bakoitza museoaren erakusketa bat da. Kirmeni oso eskertuta nago. Gainera, alfabeto honen inguruko liburu zoragarri bat idatzi du.

Erakusketa inauguratu duzue, eta hurrengoa prestatzen ari zarete, azarorako.
Hilabete barru ildo kronologiko eta akademikoa duen erakusketa bat inauguratuko dugu. Euskal artearen eta praktika artistikoen errepaso bat izango da azken 50 urtean. 68aren ostean deitzen da eta derrigorrezko errepaso bat da Bilboko Museoaren testuinguruan. Museoa agente aktibo bat izan da Euskal Herriko arte garaikidearen garapenean. Oso ilusionatuta nago museoak arteaz proposatzen duen ikuspuntuan aurrera egiteagaz. Museoa ez dadila ulertu bakarrik atzera begirako ikuspuntua edo ikuspuntu historikoa duen leku bat legez, baizik eta gaur egunekoa ere lantzen duena.

Mikel Onandia historialariak erakusketa honetan parte hartu du.
Lan oso zehatza agindu diogu Mikeli. Lanean oso zorrotza denez, perfekzio horregaz egiten ari da. 50 urte hauetako artearen kronologia bat egiten ari da. Ekarpen handia izango da erakusketaren katalogoan.

Urte eta erdian bizitasun handia eman diozu museoari.
Nik ez dut lan egiteko beste modurik. Arteagaz eta museoagaz lan egitea gustatzen zait. Lehengo lankideen harremanari heldu diot eta, azken proiektuan, alfabetoan, taldelana sumatzen da. Denok behar genuen hori. Neuk ere bai. Bilboko Arte Ederren Museora ez naiz etorri nire historia egitera. Lankideekin, patronatuagaz eta erakundeekin  lan egitera etorri naiz, museoak dituen beharrizanak zeintzuk diren ikusteko, etorkizunean bere ekarpena egin dezan.

Aldaketa batzuk ikusi ditugu dagoeneko. Baina, zeintzuk dira epe ertain -luzerako erronkak?
Museoak espazio gehiago behar du. Bere ekintza gaitasuna gehiago garatzea behar du. 14.000 obra ditu, eta, beraz, kutxa txiki batean sartuta dagoen museo handi bat da. 2001ean erreforma garrantzitsu bat egin zuten arren, aldaketa hori hiria Abandoibarrarantza zabaldu aurretik egin zen. Beraz, ikuspuntu urbanotik ere museoa birkokatu egin behar da. Patronatuak urte amaieran onartzeko plan estrategiko bat prestatzen ari gara, eta museoaren ikuskera anbiziotsua planteatzen da. Zabalkundea planteatzen da, bai fisikoki eta baita ekintzak antolatzeko gaitasunari dagokionez ere. Arte garaikidera heltzea eta bertoko eszena artistikoagaz gehiago konprometitzea da helburua. Gaur egun, Euskal Herrikoa artearen eszenatoki interesgarrienatariko bat da Europan. Artistak hor daudela baliatu behar dugu, bultzada emateko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!