"Herrialde normal batean biziko bagina bezala konposatzen dugu; zentsurak ez digu eragiten"

Aritz Maldonado 2018ko urr. 12a, 10:30

1988ko San Fausto jaietan kontzertua eskaini zuen Reincidentes taldeak RIP arrasatearrekin batera. Hiru hamarkada geroago, Durangoko jaietan egongo dira berriro andaluziarrak.

Ez da Durangon joko duzuen lehenbiziko aldia. Zein oroitzapen dituzu?
2014. urtean euskal presoen eskubideen aldeko Kalera Rock jaialdian eskaini genuen kontzertukoa izan da Durangora egin dugun azkeneko bisita. Egun horren bezperan Valladoliden (Espainia) jotzekoak ginen, baina gaixorik nengoela-eta, kontzertu hura bertan behera utzi behar izan genuen. Durangon, ostera, oraindik ere gaixorik egon arren, jotzeko gai izan nintzen eta egun horretako oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Jendearen jarrera itzela izan zen gainera!
Aurretik ere Durangoren oroitzapen gozoa dut, izan ere, 1988ko urriaren 15ean RIPegaz jotzeko aukera izan genuen; euren azken kontzertu ofiziala izan behar zen hura, eta nire urteguna zen, gainera. Ikaragarria izan zen!

Jaietan, zer ikusiko dute zuen kontzertura doazen zaleek?
Gure ibilbidearen laburpen bat izango da kontzertua, egin ohi dugun bezala, eta, tartean, iazko abenduan kaleratu genuen Vergüenza diskoko abestiak ere joko ditugu.

Zelako harrera izan du azken lan honek?
Kritika aldetik, onak jaso ditugu. Zaleei ere, orokorrean, gustatu zaie, eta zuzenekoetan ere ondo funtzionatzen ari dira diskoko abestiak; disko guztietan ditugu zuzenekoetan ondo funtzionatzen duten abestiak. Guri asko gustatzen zaigu azken laneko kantuak jotzea, nobedadea delako, baina pasatu barik.

'Se Acabó la Fiesta' abestiaren inguruan zurrunbiloa sortu da [Erorien Haranean grabatu zuten abesti horretarako bideoa]. Orokorrean, ez dira garairik onenak adierazpen askatasunerako. Konposatzerakoan, zentsurak eragiten dizue?
Zintzoki esanda, ez. Taldean hitzartuta ditugun barne mailako kalitate irizpideek baino ez digute eragiten. Herrialde normal batean biziko bagina bezala konposatzen dugu.

Hogeita hamar urteko ibilbidean hogei disko kaleratu dituzue. Oholtza gainera igo aurretik, urduri jartzen jarraitzen duzue?
Bai, noski. Zirrara hori beti dago hor. Eta ez dagoen egunean, utzi egingo dugu.


Eta konposatutako abesti denen artean, nola konpontzen zarete jo beharreko abestien zerrenda osatzeko?
Kaleratu dugun azken laneko abestiekin hasi ohi gara, aurreko birako errepertoriotik kanpo geratu diren abesti batzuk erreskatatzen ditugu, eta abesti ezagunak ere jotzen ditugu, bestela egurra ematen digute zaleek (barrez).

Askotan etortzen zarete Euskal Herrira. Punk mugimenduak birizik jarraitzen du hemen?
Beharbada zerbait jaitsiko zen, batez ere estilo gehiago daudelako gaur egun, eta elkarrekin nahasten dira horiek ere. Guztiz logikoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!