Urteetako lanaren esker ona adierazi gura izan diete horrela. Izan ere, ez da beste kirol batzuk bezain ezaguna, baina, hala ere, klubean 100-110 lagun inguru dabiltza, eta erdiak baino gehiago adin txikikoak dira. "Urte guztietako errekonozimendu moduan hartzen dugu eta gaztetxoak ilusioz beteta daude", azaldu du Tabira taldeko Gonzalo Diazek.
Salbamendua eskola kirolean
Gaztetxoen artean, igeriketa eskola kirol moduan aintzatetsia du Bizkaiko Aldundiak, baina ez da berdina gertatzen salbamenduagaz. Eta lanean ari dira egoera hori aldatzeko. Gaztetxoei bideratuta, Aldundiak salbamenduaren inguruko jardunaldiren bat antolatuko du aurten, eta 2019tik aurrera ofizialki eskola kiroleko parte izatea da helburua. Horrek bultzada emango lioke modalitateari. Gaztetxoek urtean zehar Bizkaia mailako jardunaldien agenda bat izango lukete eta horrek afizioa sendotzen lagunduko luke, elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko aukera eskainiko lukeelako.