"Lagun artean elkartzea eta eguna ondo pasatzea da kontua"

Aitziber Basauri 2018ko urr. 10a, 18:00

Sanfaustoetako klasikoa bihurtu da marmitako lehiaketa. Aurten, baina, sukalkia prestatuko dute parte hartuko duten 120 bikoteek, abuztuan hegaluzearen arrantzaldia itxi zelako. Jabier Lacalek eta Jabier Arrietak ondo hartu dute aldaketa.

Zenbat urte marmitako lehiaketan parte hartzen?
Jabier Arrieta: 20 bat urte. Merkatu plazan egiten zenetik. Hasierako urteetan 50 bat bikote ginen. Gero, leku faltagatik, Landako Gunera aldatu zuten. Urte bat lehenago Ezkurdin egin zen, baina ez zen ondo irten.

Gustatzen zaizue sukaldean aritzea?
Jabier Lacal.: Bai, asko. Txokoan elkartzeko ohitura handia dugu. Ondo jatea eta edatea gustatzen zaigu.
J.A.: Egia esan, etxean baino, txokoan kozinatzea gustatzen zait gehiago, baina gustuko dut.

Aurten, marmitakoa beharrean sukalkia prestatu beharko duzue. Nola hartu duzue aldaketa?
J.L.: Ondo. Berdin zaigu bata edo bestea prestatu. Topikoa ematen duen arren, lagun artean elkartzea eta eguna ondo pasatzea da kontua.
J.A.: Gainera, antzera batean jardun beharko dugu. Sukalkia denbora gehiago egon beharko da sutan,  bestela... Urtero berdina egiteak nagi apur bat ere sortzen du. Aurten aldatu egingo dugu, ea nola doan!

Iazko marmitako lehiaketan bigarren geratu zineten. Zein da marmitakoa prestatzeko sekretua?
J.L.: Maitasuna. Horrez gain, ondo aukeratu behar da generoa, bertoko produktua beti. Lehenengo saria ere irabazi genuen, 2014an.
J.A.: Marmitakoari barazki asko bota behar zaio.  Inoiz aholkuren bat ematera ausartu naizenean, beti esan dut beldurrik barik botatzeko barazkiak, pentsatutakoaren bikoitza. Asko irabazten du jakiak. Hainbat sukalde-laguntzaile izaten ditugu, eta asko errazten digute lana.  Lan ona egiten du kuadrillak.

Eta sukalkiaren kasuan?
J.L.: Berdin!
J.A.: Igual denbora gehiago beharko dugu prestatzeko. Marmitakoak ez du denbora asko behar sutan.

Aurten lehenengo saria lortuko duzue?
J.L.: Irabaztera joango gara (barrez).
J.A.: Denok gura dugu irabazi! Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!