Durangoko jaiak

Euskaraldiko ahobizi eta belarriprestek jaurtiko dute txosnetako txupinazoa Landako Gunean

Jone Guenetxea 2018ko urr. 10a, 10:00

Euskararen erabilera ohituretan eragin gura duen dinamikak botako du pregoia txosnetan; jaietan ere presente izango da Euskaraldia.

Durangoko Euskaraldiko batzordeak ilusioz hartu du txosnetako txupinazoa jaurtitzeko ardura. "Euskaraldian bete-betean sartuta, aukera ezin hobea da ekimena ezagutarazteko", azaldu dute Euskaraldiko arduradunek. Urriaren 11n igoko dira txosnaguneko oholtzara, 21:00etan. Oraindik pregoia prestatu barik duten arren, ahobiziak eta belarriprestak protagonista izango dira. Jaietan zehar presente egon gura dute. Horretarako, photocalla jarriko dute San Fausto egunean. Gainera, urriaren 17an Artekalea kaleko lokala inauguratuko dute. Jaien ostean, Euskaraldian izena eman ahal izango da bertan, eguenetan, urriaren 18tik aurrera eta zapatu batzuetan.

Ahoak eta belarriak aktibatzea da Euskaraldian egingo duten proposamena. "2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, ahobizi eta belarriprest rolak hartuko dituzte Euskal Herri osoan. Rol horiek irudikatzeko, txapak banatuko dituzte. Ahobiziak euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz berba egiteko konpromisoa hartuko dutenak izango dira, eta ezezagunei euskaraz egingo diete lehen hitza. Belarriprestak, berriz, gutxienez euskaraz ulertzen duten pertsonak izango dira, eta gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete. "Agian ez dute beti euskaraz erantzuteko gaitasunik izango, erdaraz ere erantzun ahalko dute, baina ahobiziei euren rola betetzen lagunduko diete", diote Euskaraldiko kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!