Estilo anitzetako taldeak igaroko dira Durangoko kulturguneko oholtza gainetik. Abenduaren 5ean hasiko da egitaraua, Huntza taldearen emanaldiarekin. Azokarako prest egongo den disko berria grabatzen ari da talde gipuzkoarra. Abenduaren 6ean, ostera, Xabi Solanoren Esne Beltza arduratuko da aretoa girotzeaz. Lan berria aurkeztuko dute hauek ere. Abenduaren 7an Iñaki Ortiz de Villalbak Modus Operandi taldea aurkeztuko du Plateruenean. Betagarri taldeko abeslariaz gainera, Lauroba eta Vendetta taldeetako kideak bildu dira proiektu honetan.
2018an 25 urte bete dira Anestesiak 'Gorrotoaren Ahotsa' klasikoa kaleratu zuela. Urtemuga ospatzeko, disko hori osorik jotzen ari dira biran zarauztarrak. Abenduaren 8an izango da Anestesiaren kontzertua.
Durangoko Azoka amaitzeko, proposamen intimoagoa dakar Olatz Salvadorrek. Donostiarrak 'Zintzilik' disko arrakastatsua aurkeztuko du abenduaren 9ko emanaldian. Anestesiaren kontzerturako sarrerak salgai daude Plateruenan edo www.plateruena.eus webgunean. Olatz Salvadorren kontzertua doakoa izango da. Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.