"2016an Balin ospatu nituen nire urteguna eta nire bizimodu berriaren hasiera"

Aitziber Basauri 2018ko urr. 9a, 12:15

Otsailean hiru urte izango dira Ion Gorrotxategi Erdoiza (Durango, 19629 Balin bizi dela. Bizimoduz aldatzeko beharrak eraman zuen hara eta, gaur egun, Jimbaran bizi da. Sukaldeak utzitako ordu libreetan bizikleta hartzeko aprobetxatzen du; hori du pasio. Hala ere, padle sup eta surfa praktikatzeko tartea ere hartzen du. Durangoko sanfaustoetan etortzen da etxera bisitan.

Zerk eraman zintuen Balira?
Atxondoko Juan Olaetxeak gonbidatuta joan ginen Balira, lehenengoz, Durangoko lau lagun, Malu, Esti, Iñaki eta ni neu. 1999an izan zen. Zesta-puntan jokatzera joan zen Olaetxea orain 40 urte, eta han bizi da [Espainiako enbaxadan egiten du lan]. Balitik etorri ostean, beti izan dugu hara bueltatzeko gogoa. Euskal Herria maite dut eta inoiz ez nuen pentsatuko joango nintzenik, oso pozik egon naiz-eta beti etxean, Baina 2009ko urtarrilaren 31n dena aldatu zen. Laguna, Iñaki, hil egin zen, eta nire zati bat ere bai beragaz batera. Bizimodu berri bati ekiteko premia nuen. Balira bueltatuko nintzela zin egin nion Iñakiri, eta 2016ko otsailaren 14an Balin ospatu nituen nire urteguna eta bizimodu berriaren hasiera, Olaetxearen etxean.

Sukaldaria zara AKUA de Bilbao jatetxean. Euskal Herrian ere sukaldari ibilitakoa zara?
Bai. Beti gustatu zait eskuekin lan egitea. Zerbitzari moduan, ogia egiten eta sukaldari ibili naiz. Denetariko gauzak egitea dut gogoko.

Euskal sukaldaritza egiten duzu. Badu zerikusirik Baliko sukaldaritzagaz?
Ez dute zerikusirik. Euskaldunontzat plazer handia da jatea. Maite dugu produktuaren zaporea hartzea, freskoa izatea... Balin, erregai modura dute janaria. Jaten dauden bitartean, ez dute inoiz berbarik egiten. Goizean, egun osorako janaria prestatzen dute. Arroza behintzat beti izango dute platerean.  Kantitate handia prestatzen dute, eta saltsa pikantea botatzen diote.

Euskaldunak eta Balikoak horren desberdinak gara?
Bai. Gu serioak gara. Euskaldunoi kosta egiten zaigu besteengana zabaltzea, baina, behin zabalduta, bizi osorako da. Balikoak oso erlijiozaleak dira, eta egunez egun bizi dira, pozik, aitita-amamekin eta umeekin. Irribarreka daude beti. Argi moduko bat da euren irribarrea.

Zer du Balik berezia?
Balitarrak, batez ere.

Hondartza, surfa, paradisu tropikala… Olatu perfekturik topatu duzu han?
Itsasoa maite dut, baina ez naiz bereziki surfzalea. Padle sup eta surf apur bat egiten dut, baina oraindik asko aritu behar naiz surfean Uluwatuko uretan. Munduko olaturik onenetarikoa da hangoa.

Bizikletazalea ere bazara. Balik ematen dizu aukerarik horretaz gozatzeko?
Ibilbide ikaragarriak daude Balin, eta egunero hartzen dut bizikleta. Nire pasioa da txirrindularitza. Balikoak, ostera, ez dira asko ibiltzen bizikletan; kirol hori lauzpabost atzerritarrek praktikatzen dugu.

Oso desberdina da bizimodua Balin eta Durangaldean?
Balin eguraldi ona daukagu urte osoan, eta hori igarri egiten da egunerokotasunean. Jendearen izaera, etxeak... desberdinak dira. Hemen argi berezia dago eta horrek eguneko minutu bakoitzean esna egoten laguntzen dit. Zahartzaroan, balitarren antzekoa izan nahi dut.

Etortzen zara Durangora?
Sanfaustoetarako etortzen naiz Durangora, bisitan.

Bueltatuko zara inoiz Durangaldera, bertan geratzeko?
Garain daukat etxea. Hala ere, egungo bizimoduagaz inoiz ez dakigu non biziko garen.

Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Nire bihotzean daramatzadan pertsona horiek guztiak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!