Durangoko jaiak

Autodefentsa feministarako asanblada jaio berriak manifestaziora deitu du Durangoko jaien hasierarako

Markel Onaindia 2018ko urr. 8a, 16:45

Aurtengo Martxoaren 8a historiara pasatuko da, emakumeek greban erakutsitako inplikazioagatik eta mobilizazioek edukitako arrakastagatik. Egun horretan beste ideia batzuetarako haziak ere erein zituzten, eta Durangon oraintxe loratu da bat: Durangoko Autodefentsa Feministarako Asanblada (DAFA).

Autodefentsa lantzeko sare ireki bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta berau osatzeko prozesuan ibili dira ordutik. Euren lehen ekintza Sanfaustoetan egingo dute: manifestaziora deitu dute jaien hasierarako. Urriaren 11n izango da, 23:30ean, Santa Ana plazan hasita. "Guztiok gozatzeko jaiak gura ditugu. Emakume guztiek aske gozatu ahal izatea aldarrikatuko dugu, gauez, dantzan, mozkortuta edo gura duten moduan jantzita daudela ere", azaldu dute asanbladakoek.

Prebentzioa eta salaketa jorratuko dituzte. "Sistema heteropatriarkal eta kapitalista honen ondorioz, eraso asko sufritzen ditugu emakumeok, etxean, kalean, lanean... eraso horiek prebenitzeko eta horiei aurka egiteko beharrizana ikusten genuen", azaldu dute. Mugimendu feministatik eta instituzioetatik autodefentsa lantzeko ekintza eta tailerrak eskaintzen dituzte, baina Martxoaren 8ko greban ordura arte parte hartu barik egondako emakume asko batu zirela-eta, mugimendu zabal eta autonomiaduna egitea gura dute horri erantzuteko. "Geuk hartuko ditugu erabakiak, era librean. Herriko edozein emakumek parte hartzea eta parte sentitzea gura dugu", diote.

Eguaztenetan, Pinondon
Aurrera begira, urtean zehar ere eraso sexistak gertatzen direnean erantzuna emateko lekukoa hartzea aztertzen ari dira asanbladako kideak. Emakumeak saretuta, eraso sexistei "aktiboki erantzutea" da euren asmoa. Jaien ostean, eguaztenero elkartzen jarraituko dute, 19:00etan, Pinondon, eta bertan parte hartzera animatzen dituzte emakume guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!