“Eskultura eta argazkigintza batzen dituen espazio bat aurkitu dut; bertan, biak bateratzen ditut sorkuntzarako"

Aritz Maldonado 2018ko urr. 8a, 11:00

Erakusketa bi ditu urrian Jone Elorriaga Soto (1993) artista durangarrak bertako Arte eta Historia Museoan. Aste honetan inauguratu duten  'Ertibil 2018' erakusketan bere obra bat dago ikusgai eta, horrez gainera, bere lanekin osaturiko 'Límites de Durango' ikusgai egongo da urriaren 21era arte.

'Límites de Durango'. Zertan datza erakusketa?
Durangoko paisaien eta inguruetakoen artean sortzen diren arazoetatik sortu zen proiektua. Leku horiek dudatan jartzen gaituzte, ea zein herriri dagozkion. Leku horiek aurkitu, bertan ibili eta argazkiak eta artxiboko bideoak egitea zen asmoa.

Zeintzuk dira Durangoko zalantzazko leku horiek?
Zalantzazko lekuei buruz berba egiterakoan, Durangok dituen muga geografikoei buruz nabil; adibidez, Iurreta eta Durango artean egin daitekeen muga imajinarioari buruz nabil. Edo Durango banatzen duen marra imajinarioari buruz, mendia eta hiria banatzen dituena.

Aurkezpenean Durango eta zure arteko mugak ere aipatu zenituen.
Durangogaz dudan harremanari buruz nabil, bertan bizi izan dudanari buruz, eta, batez ere, bertan bizitzeagatik bizi gabe geratu zaidanari buruz; batez ere arlo pertsonalean sakondu dut.

Argazkiak eta bideoak dira erakusketa honen oinarria, baina bestelako diziplinak ere jorratzen dituzu. Zein duzu gustukoen?
Diziplina anitzak jorratzea izan dut betidanik gustuko, baina nire lekua eskultura da, nik artea espazio horretatik ulertzen dut. Orain dela gutxi espazio berri bat aurkitu dut, eskulturaren eta argazkilaritzaren bitartean; diziplina bi horiek bateratzen ditut nire sorkuntza prozesuan. Argazkigintzagaz, hau eskulturaren testura bat baino gehiago izan dadin saiatzen naiz. Eskulturagaz, ostera, argazkigintzari oinarri bat ematea baino ekarpen handiagoa egiten saiatzen naiz.

Ertibil 2018 erakusketa ibiltariko obra bat zeurea da.
Gyal da Ertibil 2018 erakusketan egongo den pieza. Bertan, azetatoen eta argazkien gainezartzea landu dut, egitura, espazioa eta oreka sortzeko. Espazio opakuak sortu ditzaket, eta hor argazkiek pisu handiagoa lortu dezakete. Argazkien edizioan ere oso presente eduki dut gainjartzea; bigarren kapa (gainezarritakoa) ezabatuz joan naiz, gainjarritakoa zein den ez ezberdintzeraino.

Zerbait gehitzeko?
Jendea gonbidatu gura nuke Durangoko Museora joan dadin, nire erakusketaz gainera, hainbat artista gazteren erakusketa asko ikusi dezaketelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!