Ume, gazte zein nagusi, hantxe batuko dira denak duatloiaren inguruko festan. Nagusien lasterketa —15 urtetik gorakoak— 12:00etan hasiko da. 4 kilometro egingo dituzte korrika, 13 bizikletan eta beste bi korrika.
Aurretik, gazteen txanda izango da, 8 eta 14 urte artekoetatik hasita. 10:30ean 600 metroko korrika saio biri eta 3 kilometroko bizikleta ibilaldiari aurre egingo diote. Ostean, 11:00etan, 7 urtetik beherakoen txanda izango da: 300 metroko korrika saio bi eta kilometro bat bizikletan.
Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, Santa Anan jarriko duten postuan, 09:00etan hasita edo proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenagora arte. Nagusiek 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek, euro bat.