Durangoko jaiak

Aniztasunari keinu bat egin gura dion Binakako Milia antolatuko dute Durangon

Joseba Derteano 2018ko urr. 4a, 16:00

Aspaldian oso ohikoak dira lasterketa mistoak, eta Durango Kirol Taldeak jaietarako antolatuko duen ekimen berrian aldaketa bat egingo dute. Misto berbak gizonezko eta emakumezko batez osatutako bikoa izatea dakar, eta ikuspegi hori garai berrietara egokitu gura izan dute.

Binakako Milia deituko da ekimena aurrerantzean. "Aniztasunari keinu bat egin gura izan diogu", azaldu du Durango Kirol Taldeko Goretti Etxegibelek. 18:00etan hasiko da, San Agustin Kultur Gunearen parean. Milia bateko luzera (1,6 kilometro) izango du probak. Gudarien kaletik eta Galtzaretatik ibiliko dira korrikalariak. Zirkuituari itzuli bi eman ostean, Ezkurdin helmugaratuko dira. Izen-ematea internet bidez (www.kirolprobak.com) edo egunean bertan egin daiteke, proba hasi baino ordu erdi lehenago. Bikoteak batera hasi eta heldu beharko dira. Aurrenekoentzat ez da saririk egongo, baina amaieran hainbat sari zotz egingo dituzte partaide denen artean. Probaren aurretik, 16:30ean, atletismoa sustatzeko jarduerak egingo dituzte Ezkurdi plazan: hesi probak, jaurtiketak…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!