Eneko Sagardoyk ohorezko sakea egingo du Durangoko Kulturalaren etxeko partiduan

Joseba Derteano 2018ko urr. 2a, 17:26

Urriaren 12an Barakaldoren kontra jokatuko duen neurketaren atarian izango da.

Handia filmagatik Goya saria eta beste hainbat irabazi dituen Eneko Sagardoy aktore durangarraren ibilbideari errekonozimendu bat egin gura dio Durangoko Kulturala futbol klubak. Horregatik, urriaren 12an, 12:00etan, Kulturalak eta Barakaldok Tabiran jokatuko duten partiduaren atarian ohorezko sakea egingo du Sagardoyk. Une berezi hori bertatik bertara bizitzeko deia egin dute klubetik.

Kulturala bera ere animo beharrean dago. Iaz Bigarren B Mailara igo zen eta maila aldaketa nabaritzen ari da liga hasieran. Jokatuetako sei partiduetatik bost galdu eta bestea berdinduta azkenengo dago sailkapenean. Domeka honetan Vitoria taldearen kontra jokatuko du kanpoan. Talde arabarra ere jaitsiera postuan dago sei punturekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!