Eider Rodriguez idazlearen 'Bihotz Handiegia' liburuko narrazio batean oinarritzen da Olasoren lehenbiziko film laburra. "Maitasunaren izenean sostengatzen diren zaintza lanak daude muinean. Neska gazte baten egoera aurkezten dugu, eta bertan bere amarekin duen harremana azaltzen da" sakondu du egile durangarrak.
Enara Gartziagaz batera sortu duen Dardara Sorkuntza Lantegiaren lehenbiziko proiektua da 'Edonork Ez Luke', eta crowdfunding bidez finantzatu da hein handi batean. "Lagundu gaituzten horiei eskerrak emateko erabiliko dugu ekitaldia, eta aurretik filmaren mapa txiki bat egiten saiatuko gara" azaldu du Olasok, barikuko estreinaldiari buruz.