Urriaren 22ra arte eman ahalko da izena www.medicusmundibizkaia.org webgunean. Lauko taldeetan parte hartu beharko dute 19 eta 30 urte arteko gazteek, eta hiru proba izango dituzte aurretik. Lehena bideo bat sortzea, bigarrena Guatemalako emakumeen inguruko informe bat idaztea, eta hirugarrena jaialdi batean gauzatuko den azken proba.
Gazteei begira
Lehenago Bateginez elkarteari ematen zion diru partidari eutsita, orain Medicus Mundi Bizkaiak Guatemalan eta Kongon bultzatzen dituen proiektu bi laguntzen ditu diruz Durangoko Udalak, biak indarkeria matxista jasan duten emakumeei babesa ematekoak. Pilar Rios alkateordeak dio gazteak sentsibilizatzea gura dutela lehiaketagaz. Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide Itziar Irazabalek ere ildo beretik azaldu du, Guatemalan gazteekin lan berezia jorratuko dutela. "Gazteekin lan egitea erabaki dugu, eurek direlako Guatemalako etorkizuna". Laguntzen dituzten zentroetan batez ere 12-13 urteko neskak aurkitzen dituztela esan du Irazabalek, egoera zein den ulertarazteko.
Lehiaketa irabazten dutenek otsaila bueltan egingo dute bidaia, eta emakumeen egoera ezagutzeaz aparte, herrialdea ezagutzeko aukera ere edukiko dute. Irazabalen arabera, "gazteen bizitza markatuko duen bidaia" izango da.