“Venezuelan giza krisia dagoela esatea militarki okupatzeko aitzakia besterik ez da”

Markel Onaindia 2018ko ira. 30a, 10:30

Asanblada Nazional Legegilea eratu izanak bultzada eman dio Chavismoari. Baina egoera ekonomiko zailean daude, eta emigrazioa ugaritu egin da. Diputatua izateaz aparte, aurrez NBEn enbaxadore izana da Ileana Medina (Venezuela), eta Patria Para Todos alderdiko idazkari nazionala ere bada gaur egun.

Emigrazioa existitzen dela onartzen duzue, baina diozue ez dela giza krisi bat.
Ez, noski. Moneta debaluatu zelako dabil jendea atzerrira joaten, gerra ekonomikoaren eraginez. Presidentea soldatak orekatzen saiatzen den aldiro, aurkariek biderkatu egiten dituzte prezioak. Aspaldiko plan baten barruan dago, hedabideen bidez zabaltzen dena. Migrazioa eskubide bat da; Europan ere handia egon da herrialdeen artean, eta horrek ez du esan gura krisirik dagoenik. Gatazka armatu batek bai eragin dezake giza krisi  bat, normaltasuna apurtu eta ez dagoelako eskolarik edo zerbitzurik. Baina hori ez da Venezuelan gertatzen. Giza krisia dagoela esatea militarki okupatzeko aitzakia besterik ez da.

Atzerriko esku-hartze militar baten beldur zarete?
Maduroren aurkako magnizidioa New York Timesek ere onartu zuen; droneak Kolonbiakoak zirela eta AEBak jakitun zirela zioen egunkariak. Argi dugu gerra oihuak entzuten direla, baina Venezuelako herri osoak badaki guri gutxien interesatzen zaiguna gerra-banderak ateratzea dela. Gure herria defendatzeko prest gaude, baina uste dugu gerra irabazteko modurik onena bakea mantentzea dela. Garraioa eten dute, baina jendea lanera doa,  zinera, umeak eskolara... oporretarako plana egon da uda honetan. Esku-hartze militarrerako arriskuaz kontziente gara, eta munduko lagunei babesa eskatzen ari gara. Venezuelako herriak sakoneko maitasuna dio iraultzari, eta egiten ari garena posible dela uste duten munduko herri askorentzako esperantza bat gara.

Zergatik uste duzue Chavismoa boteretik kendu gura dutela?
Lehenik, petrolioagatik eta baliabide handiengatik. Bigarrenik, Asanblada Nazional Legegilea sustatu genuelako. Ekuadorren, Bolivian eta Brasilen eragina eduki zuen gero. Plutokrazia amaitu da, asanbladagaz beste tresna demokratiko batzuk ditugu, armarik barik, eta eztabaida eginez. Chavezek aldarrikatutako sozialismoa posible zela erakusten hasi ginen. Oposiziokoek 2015ean legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituztenean, Obamak landu eta gerora Trumpek martxan jarritako dekretuagaz, Maduro kenduko zutela erabaki zuten. AEBek eta Europar Batasunak bat egin zuten gure aurka orduan.

Elikagaien eta botiken blokeoa sufritzen ari zaretela salatu duzue.
Min egin digute, baina lanean ari den gobernu bat dago, indar politikoekin, ekoizle txiki eta ertainekin, herri mugimenduekin eta kontseilu komunalekin batera. Indarra galduz joan den oposizioa hedabideek, enpresari handiek, AEBek eta EBk ordezkatu dute. Enbargoa gelditu beharra dute, gizateriaren aurkako delitua suposatzen baitu.

20 urte beteko dira laster Chavezek iraultza bolivartarra piztu zuenetik. Estatu kolpeak, atentatuak eta sabotajeak izan dira sarri.
Petrolioaren etekinak finantziazioa ekarri zuen, ordura arte enpresariena zena, eta aukera berdintasuna sustatu zen horregaz. Duintasuna lortzeko prozesu bat izan zen. Baina aurkarien artean gorroto handia zabaldu zen, joko politikotik aparte geratzeaz gainera joko ekonomikotik kanpo geratu zirelako. 2008an AEBetan hasitako krisiak Europan eragin zuen, baina Hego Amerikan ez, eredu integratzaile bat abiatuta geneukalako. Bueltatzen ari direnek diote Perun eta Kolonbian esklabuak direla, 12 orduko lanaldiak egiten dituztela han, eta ohartu dira euren herrian Lanaren Legeak duintasuna dakarrela. %6ko langabezia tasa dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!