Durangoko galdeketa

Garciak bezala, "alderdien diziplina apurtzeko ausardia" izatea eskatu die gobernuko kideei Erabakik

Markel Onaindia 2018ko ira. 27a, 12:05

Estazio zaharraren inguruetako lanak, uztaileko irudian.

PSE-EEko Mauricio Garcia zinegotziak estazio eta trenbide zaharreko planaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen atzo, eta kontsulta loteslea egiteko eskatu zuen. Galdeketaren aldeko Erabaki plataformak dio "asko poztu" dela ahots kritiko horren berri jakitean. Izan ere, EAJgaz batera gobernuan dago PSE-EE.

Beste zinegotziei ere zuzendu zaie Erabaki: "Bost dorreen eraikuntza dekretuz inposatu zuten alderdien zinegotziei eskaera bat egin nahi diegu: alderdien diziplina apurtzeko ausardia izan eta iritziak askatasun osoz publikoki adieraztera animatzen zaituztegu", esan dute prentsa oharrean. Galdeketaren aldeko mezua berretsi dute. "Herrian egin behar diren hirigintza megaproiektuak kontsulta lotesle baten bidez aukeratu behar direlaren uste tinkoa dugu". 

Sinadurak egiaztatzen
3.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Erabakik uztailean, eta asteon oraindik gehiago ere sartu dituzte. 18 urtetik gorako erroldatuen %10en sinadurak behar dute galdeketa exijitzeko, 2.300 inguru. Aitziber Irigoras alkateak osoko bilkuran esplikatu zuen sinadura guztiak banan-banan aztertzen ari direla. Aurrez, balio bako sinadurak kanporatzeko filtrazio lana egin dute: adinbakoenak, erroldatu bakoenak, bikoiztutakoak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!