Presoen urruntze politikagaz desadostasuna erakutsi du Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2018ko ira. 27a, 09:16
'Orain presoak' dinamikaren sustatzaileak.

Sare plataformak dispertsioaren aurkako mozio bat aurkeztu zuen martitzeneko osoko bilkuran. ETAren amaieraren ostean, "oraindik sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzia" dela esan zuen Sarek. Presoen lehen graduak eta gaixorik daudenen egoera ere salatu zuen. "Espetxe politika berri bat" behar dela dio. EAJk, EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PSE-EEk bat egin zuten, PPk ez ordea.

Aitziber Irigoras alkateak berba egin zuen EAJren izenean. "Giza eskubideak ez dira alde batenak soilik. ETAk hiltzen zuenean giza eskubideak denentzat eskatzen genituen, eta orain ere bai". Dani Maeztuk (EH Bildu) "dispertsioa mendeku politika bat" dela salatu zuen, eta zenbait preso gaixorik daudela gogoratu zuen, tartean Gorka Fraile durangarra. Patxi Lakunzaren (Herriaren Eskubidea) ustez, dispertsioa "justifikaezina zen ETAk hiltzen zuenean, eta orain ere bai". Presoen familiak eta ingurunea ere "zigortzen" dituela kritikatu zuen. ETAren biktimentzat ere erreparazioa eskatu zuen. Pilar Riosek (PSE-EE) aldeko botoa iragartzeko soilik hartu zuen berba.

Fran Garateren (PP) iritziz, "ezin da presorik hurbildu aurretik damua eta argitu bako ehunka hilketak argitzeko kolaboraziorik ez badago". Maeztuk erantzun zion horiek ezin direla baldintza izan giza eskubideak aplikatzeko. 

45 durangarren sinadura
Sarek deituta Orain presoak dinamika aurkeztu zuten joan zen astean Durangoko Plateruenean, eta sektore anitzetako 45 durangarrek dinamikaren dokumentua sinatu zuten. Gainera, urriaren 20an Donostian egingo den manifestaziora joateko deia ere zabaldu zuten Plateruenetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!