Durangoko zergak %1,1 igoko dituzte, eta OHZren indize altua %0,25era bajatu

Markel Onaindia 2018ko ira. 26a, 10:56

Besteak beste, OHZren indize altuak kaltetutako zenbait herritarrek ere zuzenean jarraitu zuten bilkura.

2019rako udal tasa eta zergek %1,1eko igoera edukiko dute, atzoko osoko bilkuran onartu eta gero. EAJ eta PSE-EEren gobernuaren proposamena EH Bilduren abstentzioak ahalbidetuta irten zen aurrera. Trukean, Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) eragiten duten katastroko balioen aldaketa bultzatzeko konpromisoa exijitu zuen EH Bilduk. Foru arauaren 28. artikulua aktibatu eta aldaketa gauzatzea eskatuko dio udalak Aldundiari.

Izan ere, 2017an Aldundiak eginiko katastroko balioen eguneratzea  arazo iturri da bilakatu da Durangon. Alde batetik, zonifikazioaren eraginez auzo batzuetan erdigunean -Ezkurdin, adibidez- baino gehiago ordaintzen dutelako metro karratuko, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak salatu dutenez. Bestetik, OHZren baitan udalak ezarritako indize altuaren eraginez (180.000 eurotik gora baloratutako etxeetarako), bizilagun batzuei biderkatu egin zitzaielako ordainketa. 2017an %0,335ean ipini zuten, 2018an %0,29an, eta 2019rako eta 2020rako %0,25era bajatuko dute. Gobernuak uste du jaitsiera horregaz duela urte biko ordainketa erekuperatuko dutela kaltetuek, Goiztidi Diazek (EAJ) dioenez. Oposizioak %0,225era bajatzea gura zuen. 

Zergen inguruko desadostasunak
Gobernua eta EH Bildu azken unera arte saiatu ziren ordenantza fiskalak negoziatzen. Pilar Riosek (PSE-EE) adierazi zuen ordenantza fiskalak "ikuspegi sozialetik" landu dituztela, eta "arauak baimendutakora arte" heldu direla. Iker Urkizaren (EH Bildu) arabera, "azalpen handirik barik" igo dira zergak, eta "ez da justua" denei berdin igotzea. Jorge Varelak (Herriaren Eskubidea)  ohartarazi zuen 2019an 2016an baino 345.000 euro gehiago jasoko dituela udalak zerga bilketagaz. "Gehiago kobratu gura dute okertu diren zerbitzuengatik, zabor bilketarena eta garbiketarena kasurako". Fran Garatek (PP) ez du txarto ikusten zergak igotzea, baina hori beste era batera egingo lukeela esan zuen, OHZren bidez edo kutsatzen duten ibilgailuei tasa igota, adibidez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!