“Barrutik atera ezin duzun hori azaleratzeko modua da dantza"

Aitziber Basauri 2018ko ira. 25a, 10:30

Psikologia ikasketak dantzagaz eta saskibaloiagaz bateratzen ditu Laura Gogeaskoetxeak (Durango, 1999). Barruan duena askatzeko bidea du dantza eta, orain, telebista ezagutzeko aukera ere eman dio. Durangoko Boom Shock taldeak aurrera jarraitzen du ETBren 'DantzanGo!' lehiaketan. Boom Shock taldea hirugarren geratu zen iaz 'Vive tu sueño' dantza lehiaketako Europako finalean. Erroman lehiatuko dira 2019an. L'Atelierren sortu zen Boom Shock.

Nolatan animatu zarete estreinatu berri den 'DantzanGo!' lehiaketan parte hartzera?
Esperientzia itzela izango zelakoan animatu ginen. Taldekide eta koreografo dugun Leirek deitu zigun proposamena egiteko, eta taldeko batzuk animatu egin ginen: Leire, Uxue, Sara R., Anne Naiara, Nahia, Sara G. eta ni neu.

Nolako esperientzia ari da izaten?
Ez genekien nola joango zen dena, eta oso urduri geunden, baina oso pozik gaude, lan asko eskatzen duen arren. Astean birritan joaten gara grabatzera (martitzen eta barikuetan) eta egun osoa egiten dugu han. Kanporaketa gaindituz gero, eguaztenean ematen digute hurrengo abestia eta eguenerako koreografia guztia prest euki behar dugu.

Telebistaren munduak harritu zaitu?
Egia esan, bai. Telebistan ikusten denak ez du zerikusirik atzean dagoenagaz. Ordu bi ere irauten ez duen saioa ikusten dugu eguaztenetan, eta atzean dagoen lana izugarria da.  Grabazioetatik kanpo ere lehiaketarako lan piloa egiten dugu, L'Atelierren ere bai.

Noiz hasi zinen dantzan?
Sei-zazpi urtegaz hasiko nintzen, eta beste horrenbeste daramatzat Boom Shock taldean. Betidanik gustatu zait dantza. Saskibaloian jokatzen hasi nintzenean utzi nuen, baina segituan bueltatu nintzen. Biak egiten ditut orain.

Bateragarriak dira?
Uf! Batzuetan ez.

Ordu asko eskatzen dizkizu dantzak?
Bai. Egunean ordu bi gutxienez bai. Hori DantzanGo! lehiaketaz aparte. Grabazio egunak hor daude eta lehiaketan jarraitzeko lau entsegu behar dira gutxienez. Horretaz aparte,  beste saio batzuk ere egiten ditugu, teknika berriak ikasteko: hip-hopa, funkya... Boom Shock-en dantza garaikidea lantzen dugu batez ere; jazza eta lirikoa ere bai. Horiek dira niri gehien gustatzen zaizkidanak.

Lehiaketa irabaziz gero, Goazen telesailean parte hartuko duzue. Ikusten duzu zure burua aktore lanetan?
Ez dakit! Oraindik ez dakigu irabazterik izango dugun eta dantzan dut burua jarrita, baina, batek daki! Manuela lehengusina txikia oso pozik dago, igual Goazenen agertuko naizelako (barrez). Oso pozik dago telebistan agertzen naizelako.

Jende ospetsuagaz lan egiten duzue. Nolakoa da hori?
Ylenia Bagliato eta Miren Arrietagaz egin dugu guk lan, eta oso pozik gaude. Lan asko egiten dute biek eta Durangora ere etorri izan dira gugaz aritzeko. Aholkuak eman dizkigute, ohartu gaitezen telebista saio batean gaudela. Lehenengotan nola jarri ere ez genekien.

Ikusten duzu zure burua finalean?
Bai! Norbere burua heldu gura duzun toki horretan ikusi ezean, ez zara inoiz helduko. Gainera, lan asko egingo dugu horretarako.

Zer du berezia Boom Shock taldeak?
Igual, eszenatokian jartzen dugun jarrerak, dugun presentziak. Gainera,  beste taldeek ere egingo dute, baina lan asko egiten dugu taldean. Horrez gain, oso ondo konpontzen gara gure artean, eta hori asko igartzen da dantzatzerako orduan.

Zer da zuretzat dantza?
Barrutik atera ezin duzun hori azaleratzeko modua da dantza. Barrena husteko modua da, ihesbide bat. Ez dakit nola joango den nire bizitza, baina, gaur egun, ez dut nire bizitza dantza egin barik ulertzen.

Ogibide izatea gura zenuke?
Bai, baina oso zaila da dantzatik bizitzea. Zerbait berezia behar da. Are gehiago emakumea izanda. Mutil bat dantzan ikustea deigarriagoa egiten da, gutxiago direlako beharbada. Dantzaren mundua oso gogorra da, oso zorrotza. Hala ere, dantzagaz lotutako zerbaitetan egin gura nuke lan: konpainia batean, eskolak ematen, abeslari baten dantzari lez... Psikologia eta dantza uztartzea, berriz, gorena litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!