"Artea zerbait sozialtzat ulertzen dut, barruan dugunari bideak edo tresnak eskaintzeko modua delako"

Aritz Maldonado 2018ko ira. 24a, 09:15

Amaia Asategi Iturralde artista durangarrak betidanik eduki du argi sorkuntzaren bidetik jo gura zuela. Hainbat alor ukitzen ditu bere arteak, baina, batez ere, efimerotasuna jorratzen duen artea du gustuko.

Argi zenuen hasieratik artea zela zure aukera?
Batxilergo artistikoa egin nuen bere garaian, eta, ostean, diseinu grafikoa ikasi nuen. Lan mundura irteera gehiago izango zuelakoan egin nuen aukeraketa. Ostean, Arte Ederrak ikasi nuen. Arteak gehiago betetzen nau, libreago egiten delako lan; diseinuan, azken finean, bezeroaren menpe zaude. Argi nuen sorkuntzatik joko nuela.

Hainbat alor lantzen dituzu. Zein da gehien betetzen zaituena?
Asko gustatzen zait material birziklatuagaz edo elementu naturalekin lan egitea. Makina bat gauza erreskatatu ditut plastikoen zakarrontzitik. Ez dakit zehazki zein diziplina litzatekeen hori, baina gustuko dut gauzei bigarren erabilera hori ematea. Hala ere, gero eta gehiago kostatzen zait obren sormen metodologikoari buruz berba egitea. Karrera amaitu ostean, "Sorkuntza eta Inbestigazioa Artean" masterra egin nuen. Bertan, unibertsitatean irabazi nuen konfiantza eta liberazioa galdu nituen; guztiak oinarri teoriko bati lotua izan behar zuela erakutsi ziguten masterrean, eta asko kostatu zait zama hori gainetik kentzea.

Zein artistek izan dute eragina zugan?
Karrera hasi nuenean, efimerotasuna lantzen zuten mugimenduak gustatzen zitzaizkidan gehien. Landart, adibidez. Landartek kalean egiten du lan eta oso gogoko dut hori. Artista moduan, Richard Long asko gustatzen zait, adibidez.
Euskal Herriko hainbat artistaren ibilbideari ere jarraitu diot, Uxue Ruiz de Arkaute, Itziar Okariz... Durangaldean, Carlos Martinez durangarra, Fernando de Vicente berriztarra eta Damaris Pan mallabitarra nabarmenduko nituzke.

Artea zerbait sozialtzat ulertzen duzu?
Zerbait sozialtzat ulertzen dut sormena, arimari edo barruan dugun horri bideak edo tresnak eskaintzeko modu bat delako. Eraldaketarako gaitasuna du arteak, baina ez dut uste terapia moduan edo zerbait konpontzeko balio duenik. Hala ere, prozesuari norberak eman behar dio zentzua eta egiteko modua. Obrak ez, metodologiak izan behar du intimoa.

Aurten erakusketa bi egin dituzu. Zelan joan dira?
Sasoika egin izan ditut. Karrera amaitu aurretik pare bat egin nituen, adibidez. Bata, klasekideekin ZAWP [Zorrotzaurre Art Work in Progress] gunean. Bestea hiru lagun elorriarrekin batera, Iturrin. Azken urteetan buru-belarri aritu naiz diseinuan lan egiten eta erakusketak albo batera utzita eduki ditut, izan ere, zure obran guztiz sinetsi behar duzu horrelako gauzak egiteko. Hala ere, denbora honetan ez diot sortzeari utzi. Lan asko pilatu ditut, neuk bakarrik ikusi ditudanak, eta orain erakusteko gogoa dut; balioa emateko aukera bat ere badela uste dut.
Garaiko erakusketa lotu nuenetik, buru-belarri egon naiz horretara. Esperientzia oso interesgarria izan da, asko ikasi dudalako. Igarri dut, adibidez, ez nuela esperientziarik erakusketa bat antolatzeko . Erakusketa gehiago lotzeko bultzada izan da.

Durangoko Museoak antolaturiko erakusketa kolektiboan ere parte hartu zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso polita. Andragunean antolaturiko erakusketa ibiltaritik sortu zen guztia, eta oso oroitzapen ona dut. Eta hobea izango litzateke denok espazio komun bat edukiko bagenu sortu ahal izateko, ekimen honi jarraipena eman ahal izateko, baina lehenbiziko pausoa ona izan zen. Honi esker, kolektibo baten barruan egon edo mugimendu baten parte izan naitekeela konturatu nintzen.
Artisten eta sortzaileen esku dago elkarlanaren eta mugimenduen garapena. Gizarteko beste esparru batzuetan bezala, gizartean eman den indibidualizazio prozesua nabaria da artean ere.

Gabezia bat igartzen duzu emakumeekiko?
Orokorrean, artisten mugimenduarekiko, baina are gehiago emakumeekiko, bai. Nire ustez, sorkuntzara bideraturiko espazio gehiago sustatu beharko lituzke udalak. Emakumeen Etxetik egiten du eskaintza, normala den moduan, baina udalaren aldetik ez dago hainbeste eskaintzarik.

Utzikeria moduko bat?
Orokorra dela uste dut. Gizarteak erroan duen arazo bat dela esango nuke. Artea ez da beharrezkotzat ikusten. Guggenheimera joan eta obra bati segundo gutxi batzuk eskaini dizkion jendea ikusi dut. Baina, nire aldetik ere, onartu beharra daukat esperientzia edo hezkuntza ezak ere baduela bere eragina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!