"Badakigu Apophisek Lurragaz talka egiten badu, apirilaren 13 batean izango dela"

Markel Onaindia 2018ko ira. 21a, 09:15

Joaquin Rueda irakaslearen iniziatibaz, 80ko hamarkadaren hasieran behatoki astronomiko bat eraiki zuten Intxaurrondoko eskolan. Udalak ipinitako diruari esker hasi zuen bidea, eta denboragaz hainbat materialez hornitzen joan zen. Durangoko ikastetxeetako ume eta gaztetxoak joaten ziren bertara, eta gerora bisitarien jatorria hedatzen joan zen. Astronomiaren zaleekin Izarra elkartea ere jaio zen. 2007an astronomia gela bihurtu, eta ordutik hona Esteban Esteban Peñalba izan da bertako arduraduna.

Jubilatzeko sasoia heldu zaionean, espero bako notizia etorri da: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du bere ordezkorik ipini gura. Horren aurrean, kobratu bako lanagaz jarraitzea erabaki du Estebanek, arduradun baten beharrizana erakusteko helburuz. Izan ere, iaz 4.500 bisitari jaso zituen Durangoko astronomia gelak –zeruikasgela@gmail.com helbidean eskatu ahal dira bisitak–. Bere aldarriak herriko arduradun politikoen babesa ere badu; Durangoko Udalak lanpostua mantentzearen aldeko mezu bat bidali dio Jaurlaritzari gutun bidez. EH Bilduk uztaileko osoko bilkuran ere publiko egin zuen gaia. Denborak esango du, Estebanek miran duen desioa ikustarazten den ala ez.

Txikitatik izan al duzu astronomiarekiko afizioa? Zelan hasi zinen lanean Durangoko astronomia gelan?
2007an etorri nintzen hona. Berez, matematikaria naiz. Sestaoko institutuko irakasle izan naiz urte luzez. Astronomia zaletasuna izan da niretzat, eta nire kabuz hasi nintzen ikasten. Asko ikertu, gai askotaz idatzi [www.tercerplaneta.net bloga du], eta dagoeneko gaur egun estatuko elkarte bateko presidentea naiz, Astronomiaren Irakaskuntzarako Elkartekoa, hain zuzen ere. Jaurlaritzako zerbitzuen batzordeak hona etortzeko eginkizuna eman zidan 2007an.

Jubilatzeko sasoia heldu zaizu, eta Hezkuntza Sailak ez du zure ordezkorik ipini gura.
Uztailetik jubilatuta nago, baina lanean jarraitzen dut. Jubilatzerakoan, itxura txarra hartu nion,  eta Hezkuntza Sailak ez zuen nire ordezkorik jarri gura. Gustatzen zaidanez, jarraitzea erabaki dut; ez lanaldi osoan, murriztuta baizik, baina jendea hartuko dut. Arazo bat daukagu: aurten jende askok egin du etortzeko eskaera, inoiz baino gehiagok. Martxora arte beteta dugu ordutegia. Norbait kontratatzeko beharrizana dagoela erakustea da nire ideia. Iazko ikasturtean 4.500 bisita jaso genituen. Gehienak Bizkaitik etortzen dira, baina baita Gipuzkoatik, Arabatik, Iparraldetik, Kantabriatik (Espainia)... ere. Batzuk turismoa egiten ere etortzen dira.

Zer eman dizu lan honek?
Gai hau zoragarria da niretzat. Normalean ez dugu zerura begiratzen; hor dago, eta bitartean gu hemen, gure arazoak konpontzen. Edozeinek ikusi ahal du astroak nola mugitzen diren. Niri kontatzea gustatzen zait, irakasle sena hona ekarri dut. Ume asko etortzen dira, eta ikusten dut gaia erakusgarria dela eurentzat. Interesgarria, misteriotsua... Zelako aurpegiak ipintzen dituzten ikustea besterik ez dago, edo zelako galderak egiten dituzten. Giro oso polita da, eta horregatik jarraitzen dut hemen.

Durangoko astronomia gelak urteetako ibilbidea du. Ez da ohikoa horrelako instalazioak herrietan topatzea.
Behatokia orain 30 bat urte eraiki zen, Intxaurrondo ikastetxeko Joaquin Rueda irakasleak bultzatuta eta udalak inbertituta. Euskal Herriko lehen kupula edo behatokia dela esaten da. 2000. urtean jubilatu zen Rueda, eta eskola ere orduan desagertu zen hain justu. Sei urteko etenaren ostean, 2007an berriro jarri genuen martxan.

Zuen instalazioetan, munduko lehen erloju digitala ikusi daitekeela entzun dut.
Horrela da, bai. Sestaon egin nuen nire ikasleekin. Gela honetan sari garrantzitsuak jasotako materialak ikusi ahal dira. Adibidez, eguzkiaren eta itzalen simulaziokoagaz estatuko sari bat jaso eta gero, Herbehereetara eraman genuen ikustera, Europako Espazio Agentziaren zentrora.

Zelan dago antolatuta?
Hainbat gune ditugu, gaika. Eguzki erlojuak, eguzkiaren kokapena, ilargiaren txokoa, eguzki sistema, planetak, orbitak, asteroideak eta kometak, teleskopioak, satelite artifizialak, eta planetarioa. Gai bakoitzagaz, astronomo baten azalpena ere badugu. Ilargiarenean, adibidez, Aglaonike daukagu, duela 2.400 urteko emakume bat, eklipseak noiz gertatuko ziren jakiten zuena. Asteroide arriskutsuak zeintzuk diren interesatzen bazaizu, noiz izango den posible talka egitea eta abar, material aproposa duzu hemen. Ez dut horrelakorik beste inon ezagutzen. Bertan ikusiko dugu Apophis asteroidea dela gaur egun arrisku bakarra Lurrarentzat. 2029ko apirilaren 13an oso hurbil pasatuko da; lehenago uste zuten gugaz talka egingo zuela. 2036ko apirilaren 13an hurreratuko da berriro. Badakigu talka egiten badu, milioika urte barru izanda ere, apirilaren 13 batean izango dela, Lurrak urtebete behar duelako Lurraren eta Apophisen orbitak gertuen dauden lekura heltzeko.

Suposatzen dut interes handiz jarraituko diezula ikerketa espazialei. Datozen urteetan notizia interesgarriak etorriko direla uste duzu?
Gero eta berri gehiago datoz. Adibidez, iaz 7 planeta deskubritu zituzten, Lurraren antzeko tamainakoak. Euren eraginen ondorioz izan da aurkikuntza, ikusi barik. Hirutan, bizitza posible dela uste da. Posible da euren atmosfera nolakoa den jakitea, ikusi barik. Arrasto berezi batzuk topatuz gero, bizitzaren seinale izango dira. Nola jakin jendea dagoen ala ez? Edozein lekutan, edozein momentutan, bizitza estralurtarra topatzea espero dut.

Marten ura topatu dute.
Eguzki sisteman lau edo bost astro daude bizi aukera dagoena, baina oso txikia. Aukera handiena Europa deitzen den satelitean dago. Bizitza egoteko, ur likidoa egotea gakoa da, eta tenperaturak ere badu zerikusia. Artizarra eta Merkurio, adibidez, eguzkitik hurbil daude eta bero gehiegi egiten du. Marte ia mugan dago, baina baldintzak ez dira betetzen. Handik aurrera, hotz handia dago. Europa satelitean, printzipioz ezinezkoa da bizitza, izoztuta baitago. Baina, kasualitatez, Jupiterren mareek satelite hori mugitzen dute, eta marruskadura dela-eta, beroa sortu eta barrutik likidoa da. Gugandik mila milioi kilometro ingurura dago.

Esango nuke gutxi erreparatzen diogula hor kanpoan dagoenari.
Orain mende batetik atzera, jendeak zeruari buruz gehiago zekiela esango nuke, batez ere beharrizana zutelako. Adibidez,  eguzkia leku batean agertuz gero negua zetorrela eta egurra behar zutela igartzen zuten nekazariek. Nire aitonak izarren kokapenaren bidez kalkulatzen zuen ordua. Ez zeukan erlojurik, baina goiz altxatu behar bazuen, izarren arabera jakiten zuen ordua. Gaur egun ez dugu horrelakoen beharrizanik, eta gehiago da zaletasun edo ikerketa kontua. Garrantzitsua izango litzateke jendeak non gauden pentsatzea. Adibidez, gure planeta oso ahula dela eta zaindu egin behar dugula. Astroak aztertzen baditugu, askoz hobeto ulertuko dugu ideia hori. Noski, gero politikariek egin behar dute politika, baliabideak dituztelako.

Zenbat dakigu, adibidez, ilargiaz? Zer da egia eta zer mitoa? Egia da itsasoan baduela eragina?
Bai. Ilargiak itsas mareetan eragiten du. Lurra bueltaka dabil, eta ilargiaren grabitazio-erakarpenagatik ura mugitu egiten da. Baina badaude beste kontu batzuk frogatu bakoak direnak, eta beste batzuk gezurrak. Adibidez, nekazaritzako konturik gehienak frogatu bakoak dira. Gezurrei dagokienez, esaten da ilbetean jaiotza gehiago egoten direla, baita krimenak ere. Nik ere uste nuen jaiotza gehiago egoten zirela, baina estatistika bat egin nuen ikasleekin. Ikastetxeko denen jaiotze datak eta ilgoren datak gurutzatu genituen, eta gezurra zela ikusi genuen.

Ikerketetan sinesten ez duenik ere badago.
Ondorio asko ateratzen dira, gero erabiltzen ditugunak. Esaterako, umeentzako pixoihala astronautek asmatu zuten, espazioan ordu asko eman behar eta komunik ez zegoelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!