"Oso emozionatuta nago izendapenagaz", esan du Zugazak gaurko aurkezpenean. Bere ustez artearen balioa zabaltzeko aukera ona izango da txupinazoa. Gainera, "jai baketsu, lasai eta errespetuzkoak" desio dituela adierazi du. Eskerrak eman dizkio jai batzordeari txupinazoaren ardura emateagatik.
Txupinazo txikia, ostera, Tabira Igeriketa Taldearen esku egongo da. Lantzen dituzten balioak nabarmendu ditu Ocejak, kirol emaitzez gainera. 110 igerilari dira taldean, eta Raquel Parra kideak azaldu du "umeei ilusio handia" egingo diela izendapenak. Gonzalo Diaz ere egon da beragaz ekitaldian. Urriaren 12an botako dute txupina, 12:30ean.
Marmitakorik ez
Jaietako egitarauari buruzko informazioa aurrerago emango dute, baina iragarpen bat egin dute: aurten ez da ohiturazkoa den marmitako txapelketarik egongo. Bere ordez, sukalkia izango da protagonista. Izan ere, Ocejak azaldu du hegaluzearen kanpaina abuztuaren 23an amaitu zela, eta dendetan arazoak egon daitezkeela hainbeste hegaluze erosi ahal izateko. Inskripzioa bihar hasiko da, Pinondo Etxean.
Kartelaren polemika
Agueda Larrazabal getxoztarraren -ezin izan da aurkezpenean egon- kartelak iragarriko ditu jaiak, polemikaz betetako lehiaketaren ostean. Ocejak onartu du akats ortografikoaren kartela pasatu egin zitzaiela, baina ustezko plagioen kasuan, bere ustez, zaila da karteletan elementuak kopiatu diren edo ez igartzea. Horregatik, aurrera begira lehiaketaren oinarriak aldatzea aztertzen ari dira.