“Berri Txarrakegaz 5.000 lagunen aurrean egin dut lan; hori dut gustukoen, jende askok entzutea nire lana”

Aritz Maldonado 2018ko ira. 14a, 15:00

Zuzeneko musika pasio duela igartzen zaio Igor Iglesiasi (Durango,1989) , uda osoa beharrean igarota ere lan egiteko gogoz baitago soinu teknikaria. Momentu profesional gozoan dago, gainera; azken asteetan maila handiko artistei jarri die soinua. Berri Txarrakegaz egon da Galizian, Shinovagaz Cadizen eta Valentzian, eta, Kometagaz Sonorama jaialdian (Gaztela eta Leon), besteak beste. Governorsen teknikaria ere bada.

Zelan joan da uda?
Kontzertuak egin ditut, batez ere. Gure beharrean uda goi-denboraldia da. Kontzertu asko egin ditut aurten, eta horrela jarraitzea espero dut! Gogoz egoten naiz urtero kontzertuak egiteko. Lan karga askoko egunak ere badaude, Durangoko Azokakoak, esaterako. Bost egun jarraian kontzertuak egiten egoten naiz, baina amaitu eta egun bira berriro gura izaten dut lan karga hori edukitzea (barrez).

Alde handia dago festibal batean aritzetik aretoetan aritzera?
Bai, sekulako aldea dago. Gaur egun, teknologiari esker, aurreko kontzertuetako parametroak USB batean eraman ditzakezu, baina bestelako aldagaiak kontuan hartu behar dira beti: akustika, ekipoa, soinu proba egiten duzun edo ez... Soinu probarik egin barik kontzertu bat ematea, begiak itxita dituzula gidatzea bezalakoa da, egin daitekeen arren. Zorionez, nik udan ekipo ezberdin askogaz egiten dut lan, eta horrek asko laguntzen du.

Zein da zuri gehien gustatzen zaizun arloa?
Kontzertuak, batez ere. Rock kontzertuak egiteko deitzen didate askotan; hala ere, akustikoetan ere gozatzen dut. Honek badu bere alde txarra baita ere. Beharrean ez nagoela, kontzertuetan ez dut gura beste disfrutatzen, ez dudalako deskonektatzen, edo etxean ez dut musika askorik entzuten, belarriei atsedena ere eman behar zaielako. Baina, oraingoz, oso gustura nago kontzertuak egiten.

Berri Txarrak, Shinova, Gatibu... talde handiekin lan egiten duzunean, presioak eragiten dizu?
Ni lasai joaten naiz. Badakit nire lana ondo egingo dudala, edo, gutxienez, nire onena emango dudala. Horrelako taldeekin lan egitea erraza izan ohi da, gainera, baldintzarik onenetan egiten delako. Nire ustez, garrantzitsuena norberak bere buruari ezartzen dion helmuga da; zure buruari bost bat eskatzen badiozu, aurreratu egingo zaituzte. Ni oso exigentea naiz nire buruagaz, eta horrek motibatzen nau. Kontzertu txar bat egiten badut, izorratuta noa etxera. Beharbada jarrera masokista izan daiteke, baina soinu ona badago, disfrutatu egiten dut.

Urteekin finduko zenuen hori.
2011. urtean amaitu nituen ikasketak, eta ordurako San Agustin kulturgunean nenbilen lanean. Hortik hasi nintzen Plateruenean ere ordezkapenak egiten. Ni asko fijatzen naiz soinuan, beti. Kontzertu bat ikusten banago, adi egoten naiz ea zelakoa den soinua, ea nik nola egingo nukeen, eta horrela ikasi egiten da.

Musikaria izandakoa zara. Eragin dizu horrek?
Noski. Batxilergoa amaitu eta ez nekien zer egin. Gitarra jotzean nire burua grabatzen nuen, eta horrela irten zen moduloa ikasteko aukera. Gero, Madrilera joan nintzen 18 hilabeteko master bat egitera, eta han harrituta geratu nintzen. Klasean gozatu egiten nuen. Klasea amaitzean, ikasitakoa praktikan jarri ahal izatea gura nuen. Eta, azkenean, zazpi urte daramatzat beharrean.

Zer gustatuko litzaizuke egitea?
Mila aldiz egin diot galdera bera nire buruari, baina ez dut inoiz erantzuten jakin. Ez dakit zein izango litzatekeen hurrengo pausoa. Zortea izan dut, aukerak iritsi zaizkidanean hartu ahal izan ditudalako. Iaz Hatortxu Rock jaialdian egon nintzen, Gatibugaz, 30.000-40.000 lagunen aurrean, eta aurten Berri Txarrakegaz 5.000 lagunen aurrean egin dut lan udan. Hori da gehien gustatzen zaidana, gero eta jende gehiagok entzutea nire lana, eta gero eta ekipo indartsuagoekin egitea lana. Ni gustura nago maila honetan lan egiten, eta zerbait hobea badator, ongi etorria izango da. Hala ere, lan baldintzak ez dira beti egokiak. Urteek aurrera egin ahala, lan baldintza kaskarren kontua amaituko zela uste nuen, baina noizean behin halakoak tokatzen dira.   Edonora joanda ere, zapia buruan jarri, haginak estutu eta zezenari aurre egin behar! Komeni horrela izatea, erlaxatzerakoan baitator zartakoa. Zaleek ordaindu egiten dute kontzertu bat ikustearren, eta lan ona egitea da teknikarion ardura.Ahalik eta ondoen egitea.

Taldeen mailak ere eragingo du?
Gaur egun taldeek oso maila ona dute, teknikoki zein material aldetik. Profesionalizatu egin da guztia. Talde askok euren teknikariak dituzte, eurek gura duten soinua lortzeko. Adibidez, Plateruenera datozen hamar taldetik zortzik euren teknikariak ekartzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!