"Kobaneko emakumeak etxean egotetik, ikusezin izatetik, kalean egotera pasatu dira"

Aitziber Basauri 2018ko ira. 14a, 09:30
Argazkia: Lehior Elorriaga

Rojavako Kobane hirian (Mendebaldeko Kurdistan, Siriako Iparraldean) egon dira abuztuan Jon Bingen Landabidea Aranburu (1986), Esther Martin Garcia (1972), Elena Gabriele (1985), Alaitz Berriozabalgoitia Galan (1984) eta Eider Uribe Padilla (1985), Martin Arrasate Iriarte eta Maria Villar Jimenez Sesma ere joan dira. Kobane eta Durangoren arteko senidetza indartzeko, Suargi elkarteak eta Durangoko Udalak adostutako hitzarmenaren barruan joan dira hango emakumeen egiturak ezagutzera. Genero ikuspegitik landutako hitzarmena da hiri bien artekoa.

Zein izan zen bidaiaren helburua?
Esther: Kobanen suntsipenetik konfederalismo demokratikoa garatzeko aukera sortu da, berdintasuna, ekologia eta demokrazia oinarrizko printzipio dituen eredu ideologikoa garatzeko aukera. Emakumeen iraultza hasi dute. Bada, marko horretan batzen diren emakumeen egiturak ezagutu ditugu. Lan izugarria egin dute jabekuntzan.

Nolakoa izan da esperientzia? Zeintzuk sentsazio ekarri dituzue?
Elena: Bizi duten egoerak asko harritu gaitu denok, onerako. Gerra eta suntsipen giro batetik halako ilusioa eta egiteko gogoa sortzea izugarria da. Ilusio handiagaz bizi izan dugu bidaia, lehenengo hiru egunak Irakeko Kurdistanen egin genituen arren, mugatik gertu. Baimena geneukan, baina ez ziguten Rojavara sartzen utzi.
Alaitz: Ikusi dugu hango emakumeak gu baino askoz ere antolatuago daudela. Denak lan egiteko gogo handiagaz ikusi genituen. Ilusioa ikus zitekeen bazter guztietan.
Esther: Emakumeak etxean egotetik, ikusezin izatetik, kalean egotera pasatu dira. Borroka egin dute, toki bat irabazi dute. Espazio partekatuak dituzte (milizia mistoak, instituzio parekideak...) baina, horrez gain, andrentzat baino ez diren espazioak ere badituzte, emakumeek kudeatuak, emakumeentzat. Proiektu garrantzitsua da, anbizio handikoa. Baina urte gutxi dira iraultza hasi dutela.

Estatu Islamikoaren eraso bortitza jasan zuen Kobanek 2014an. Nola ari dira berreraikitzen?
Eider: Guztiz suntsitu zuten hiria,  %80 desegin zuten. Gaur egun,  %20 falta zaie berreraikitzea.
Esther: Zailtasun handiak dituzte, gainera, horretarako. Izan ere, adibidez, blokeoa sufritzen ari dira makinaria astuna sartzeko.
Jon Bingen: Sorpresa handia izan da nola berreraiki duten ikustea. 2016an lau lagun egon ginen han, eta hiria suntsituta zegoen. Leku batzuk halaxe utzi dituzte, gertatu zenaren ikur moduan. Kontziente dira egoeraz. Agindutako laguntza asko ez da heldu, baina ez dira zain geratu. Lan itzela egiten ari dira.

Orain urte bi egindako bidaia hartatik sortu ziren senidetza eta hitzarmen ekonomikoa?
Jon Bingen: Bai. Han ikusi eta bizitakoak ekarri genituen Durangora, eta orduan sortu zen Suargi elkartea. Iaz Durango eta Kobaneren senidetza hitzarmena lotu zen, eta, hori indartzeko, genero ikuspegitik landutako hitzarmena; herri bien arteko lotura sendotzea du helburu. Kontziente ginen gazteak eta andrak zirela iraultza hartako protagonista, eta gu lau mutil joan ginen. Ez genuen haien ikuspuntua lantzeko aukerarik izan eta Andraguneko emakume talde bati proposatu genion Rojavako emakumeen errealitatea ezagutzeko aukera.

Kobaneko Emakumearen Akademia ikusteko aukera izan duzue? Durangok diruz lagundutako proiektua da.
Alaitz: Bai. Siria iparraldeko hiri garrantzitsu guztietan dago Emakumeen Akademia bat, eta formakuntza ideologikoa eta filosofikoa ematen dute. Feminismoa, berdintasuna, askatasuna... lantzen dituzte. Emakumeen Etxeak ere badaude. Emakumeak edo talde feministak batzeko tokiak dira, eta askotariko arrazoiengatik etxetik ihes egin duten emakumeei babesa ematen diete.
Jon Bingen: Iazko hitzarmenaren bitartez, Kobaneko Emakumeen Akademian altzariak jarri dituzte.
Esther: Aurten haurreskola batean lorategia egokitzen lagunduko dugu, jolasak jarri gura ditugu. Haurreskola bultzatuz kontziliazioan eragingo dugu, emakumeentzat lanpostu berriak sortu daitezke...
Eider: Oso eskertuta daude eta oso ondo tratatu gaituzte. Hiriko parke bati Durango izena jarriko diotela ere esan digute. Polita da.

Zein beste proiektu ezagutu duzue?
Elena: Emakumeen herrixka deiturikoa. Bakerako lekua da. Bertara bizitzera joateko aukera dute alargunek, seme-alaben kargu dauden emakumeek, ezkondu gura ez dutenek edo biolentzia matxista jasan dutenek. Elkarrekin lan egiteko eta esperientziak partekatzeko aukera dute. 30 bat etxe dituzte prest, eta baita medikuntza naturaleko osasun zentro bat, ikastetxe bat, ortua, emakumearen akademia bat...
Alaitz: Egia bihurtutako ametsa dela esan ziguten. Inguruko herritarrekin ere hartu-eman ona dute gainera, oso garrantzitsua beraientzat.
Esther: Hainbat emakume batzorde daude iraultzan inplikatuta eta premia ikusi zuten.
Jon Bingen: Gizarte patriarkala da hangoa, eta han ere badago biolentzia matxista, hemengo moduan. Emakumeek eurek jo dute proiektua beharrezkotzat.
Eider: Bestalde, hainbat kooperatiba daudela ikusi dugu, eta emakume askok dihardute horietan. Etxetik kanpo lan egiten dute, politika arloan, egitura sozialetan... mugimendu feminista handia da.

Emakumea erdigunean dago Mendebaldeko Kurdistanen?
Alaitz: Leku guztietan dago, eta arlo guztietan euren eskubideak betetzen direla bermatzen duen egitura bat dute: Kongreya Star, emakumeek osatua.
Jon Bingen: Emakumeagaz lotutako erabaki guztiak egoki hartzen direla bermatzen du horrek.

Emakume kurduak munduko emakume askoren eredu bihurtu dira?
Esther: Bai, armak hartzea jabekuntza suposatu du beraientzat. Gizonen errespetua lortu dute zelanbait, elkarrekin borrokatu ostean. Toki bat irabazi dute eta hortxe jarraitu gura dute.

YPJ-ak (Emakumeen Autodefentsa Unitateak) oso ezagunak egin dira. Egon zarete eurekin?
Alaitz: Bai. Berdintasunean oinarritutako gizartea sortzea  dute helburu, eta askatasunaren esanahia berdefinitzea: askatasuna pentsatzeko eta izateko libre izatea da, bizitza plan propioa izatea. Formakuntza militarra eta ideologikoa dute eta, nabarmendu zigutenez, ideologia matxista suntsitzea da zailena, eta ez Daex-a (EI Estatu Islamikoa) suntsitzea. Daex-ek dituen andra esklabuak askatzea ere badute helburu. Haiei laguntzea erronka pertsonaltzat dute YPJ-ek.

Kobanen ikusitako zer azpimarratuko zenukete?
Alaitz: Kongreya Star hor dagoela uneoro, emakumeen eskubideak betetzen direla ikuskatzeko. Horrela ez bada, esku hartu eta erabakia baliogabetzeko boterea du.
Eider: Elkartasuna. Kurdistango beste lurralde batzuetan ere egin dute eraso eta errefuxiatuak daude. Kobanen harrera egiten diete, lana eskaini. Zailtasunak dituztenek lehentasuna dute lana izateko orduan; tartean, biolentzia matxista jasan duten andrek.
Esther: Emakumeen Legea ere badute. Besteak beste, poligamia, 18 urtetik beherakoen arteko ezkontzak, ohorezko krimenak eta emakumeekiko biolentzia debekatzen ditu, eta erlijio desberdinen arteko ezkontza zibilak onartu. Oso aurrerakoia da.
Elena: Emakume arabiarra integratzeko saiakerak ere harritu gaitu. Arlo politiko zein sozialean interakzioa egon behar dela diote.Erlijioa dela-eta zenbait muga dituzte emakume arabiarrek.

Proiektu integratzailea dute?
Eider: Bai. Errekrutatze kanpalekua ere badute, eta errefuxiatu kanpamenduko Daex-eko emakumeei bizi proiektu berri bat hasteko aukera ematen diete.
Alaitz: Herri zapaldua da kurdua. Badakite zer den sufritzea eta ez dute horrelakorik gura beste inorentzat. Arabiarrak, kristauak, yazidiak... denak batu gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!