“Ultra trail bat egiterako orduan, norbere burua ondo ezagutzea da garrantzitsuena”

Maialen Zuazubiskar 2018ko ira. 14a, 11:45

Gaur hasi eta domekan amaituko da Bocineros-Deiadar Xtreme Durangaldetik igaroko den ultra trail distantziako (200 kilometro) lasterketa. Bertan izango da Iker Belar durangarra. Aurrenekoak zapatuan 7:15 inguruan pasatuko dira Urkiolatik, 8:45 aldera Gerediagako anoa postutik eta 10:30erako Oizen egotea aurreikusten da. Korrikalariek 56 orduko denbora-muga izango dute.

Bocineros-Deiadar Xtreme 200 kilometroko probari ekingo diozu gaur. Nola zaude?
Ondo nago, baina apur bat urduri, egia esan.

Zein da zure helburua?
Nire helburua proba amaitzea da, eta, posible den heinean, kilometro horietan disfrutatzea. Nahiago dut mantsoago joan eta paisaia eta momentuagaz gozatu, itota joan eta arinago amaitu baino.

Zer dela-eta erabaki zenuen lasterketa honetan izena ematea?
Iaz Basque Ultra Trail Seriesetako lau lasterketak egin nituen, eta esperientzia oso polita izan zen.  Lasterketa bietan berberak dira antolatzaileak, eta BUTSen korrikalariokin eduki zuten tratu bikaina ikusita izena ematea erabaki nuen.

Lehenengo aldia da 200 kilometroko lasterketa bat egiten duzula?
Bai. Eginak ditut 170 kilometroko lasterketak, Ehun Milak eta Mont Blancekoa, besteak beste. Baina 200 kilometroko bat egiten dudan lehenengo aldia da. Beste saltotxo bat emateko momentua heldu da.  

Probari begira, baduzu beldurrik?
Ultra korrikalari gutxik egingo dugu, 100ek baino gutxiagok. Kilometro eta ordu asko bakarrik egiteak arduratzen nau. Gurago dut astiroago joan eta kilometroak norbaitekin egin, arinago joan eta bakarrik ibili baino.

Ultra trailetan espezialista zarela esan daiteke. Nolako prestakuntza eskatzen dute horrelako proba luzeek?
Ultrak egiteko, aurrez martxa asko egin behar dira. Pertsona batek ezin du egun batetik bestera ultra bat egin. Nik, lehenengo, Hiru Handiak egin nituen, 2008an. Gero Ehun Milak, Mont Blanc... Lasterketa hauek prestatzeko, astean zehar aprobetxatzen dut korrika egiteko, lanaren ostean. Asteburuetan, berriz, ibilaldi luzeagoak egiten ditut, bai oinez, bai bizikletan. Bizikleta modu ona da erresistentzia lantzeko.

Fisikoa lantzeaz gain, burua prestatzea ere garrantzitsua da.
Ultra bat egiterako orduan, norbere burua ondo ezagutzea da garrantzitsuena. Mentalki ondo prestatuta egon behar izaten dugu. Horrenbeste kilometrotan gorputzak hainbat beherakada izaten ditu, eta horiei eutsi egin behar zaie.

Lasterketek zer ematen dizute zuri?
Lasterketei esker leku paregabeak ikusi eta pertsona izugarriak ezagutzeko aukera izan dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!