Poliziak Durangon ipinitako karpagatik azalpenak eskatu ditu EH Bilduk

Markel Onaindia 2018ko ira. 13a, 14:58

Alderdiaren arabera "oso larria" da atzo Ezkurdin jazotakoa. Poliziak stand bat ipini zuen Vueltako babesleen artean, eta armak erakusten eta zelan erabiltzen diren azaltzen egon zen, baita umeei ere. EH Bilduk prentsaurrekoa eman du Bilbon, eta iragarri du azalpenak eskatuko dizkiela idatziz Durangoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari. 

"Euskal gizarteari hemen nork agintzen duen eta nork daukan indarra argi erakustea izan zen Polizia Nazionalaren karparen helburua", EH Bilduko kideen ustez. Onintze Oleaga batzarkideak eta Dani Maeztu eta Aritz Bravo zinegotziek egin dute agerraldia. Gertakaria "larria" dela diote. "Oso larria eta onargaitza, bakearen eta elkarbizitzaren alde apostu egiten duen euskal gizartearentzako". Aldundiak antolatzaileei "joko-arauak" ezarri beharko lizkiekela uste dute, eta Durangoko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) ere ardura duela. "Oraindik ezin dugu ulertu udalak nola eman zion baimena Polizia Nazionalari, besteak beste adin txikikoei ere zuzentzen zitzaienean erakustaldi hura, armak beren eskuetan jarriz".

Horrez gainera, Madrilgo Kongresuan eta Senatuan ere azalpenak eskatuko ditu EH Bilduk, herritarren aurrean espazio publiko batean armak ateratzea onartzeagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!