Hasierako erronkari ukitu soziala ematen diote, Dani Irazola zuzendariak azaldu duenez, eta aurtengoan umeen eskubideak hartu dituzte aintzat. Kartulinak, tapoiak eta beste hainbat material erabilita, umeentzako jolas bat sortzeko erronka zuten aurrean ikasleek. Hauek izan dira irabazleak: 2. Batxilergo Zientifikoa D ereduan, 2. Oinarrizko LH, 1. Goi Mailako Fabrikazio Mekanika Diseinua eta 1. Erdi Mailako Instalazio Elektriko eta Automatikoak.
Aurten, gainera, beste talde bat gehiago batu da erronkara: zibersegurtasunaren inguruko ziklo ondokoa. Hogei gaztek ekin diote erkidego mailan aitzindaria den zikloari, eta batzuk kanpoan geratu behar izan dira. "Espero dugu aurten ezin izan dutenek datorren urtean lortzea aukera", esan du Iratxe Lejarreta zikloaren arduradunak. Adierazi du pozik daudela eskaintzak eduki duen harreragaz, eta ikasturtea martxan jartzeko gogoz daudela.