Goi mailako Informatika ataleko ikasleentzat edo arloan gutxienez hiru urteko esperientzia dutenentzat zuzenduta dago urtebeteko titulu hori, eta modu horretan, zibersegurtasunean espezializatuko dira. Teoriaz gainera, praktikak ere egingo dituzte bi hilabetez. Xabier Ametzazurra ikasketa buruak azaldu du enpresekin -tartean atzerrian egoitzak dituztenak ere bai- berba egin ostean sortu dutela eskaintza. "Enpresek eskatu diguten gauza bat da, beharra identifikatu dute eta. Gero ikasleak kontratatzeko konpromisoa ere badute; beraz, lan munduan murgiltzeko tasa handia edukiko duten ikasketak izango dira".
Datuak eta sistemak babesteko beharra
Enpresek, handi zein txikiek, gero eta segurtasun handiagoa behar dute euren datuak zein sistemak birusen eta bestelako arriskuen aurrean babesteko. "Konturatu dira hau edonori pasatu ahal zaiola, eta beharra egunerokoan nabaritzen dute. badakite datuak faltatzen badira enpresa itxi beharko dutela", esan du Ametzazurrak. Gainera, datuak babesteko lege bat kaleratuko da laster. "Diote, estatu mailan enpresen %56 ez dagoela prest lege honi aurre egiteko". Beraz, badago lana non egin.
Oraindik ez dago matrikulaziorako epe zehatzik, baina interesa dutenei ikastetxean edo bere webgunean galdetzeko dei egin diete. Amezatzurra izango da ziklo ondoko irakasleetako bat, eta eurentzat "erronka itzela" dela dio.