Neska gazteentzako programa berezitua prestatu dute Durangoko jabekuntza ikastaroetan

Markel Onaindia 2018ko ira. 8a, 10:00

14-17 adin tarteko neskek Dantza, sorkuntza eta mugimendua jolasean ikastaroa, bideo-bikoizketa tailerra eta autodefentsa feministarako tailerra izango dituzte aukeran.

"Gazteekin lanean jarraitu gura dugu, orain arte Erastop-Agrestop aplikazioarekin eta Herritarren Itunarekin egin dugun antzera, gero eta nabariagoa delako indarkeria matxistaren kontrako borrokan beharrezkoa dela neska gazteek kontzientzia feminista hartzea", adierazi du prentsa oharrean Pilar Rios alkateorde eta berdintasun zinegotziak. 

Ikasturte honetako Jabekuntza Eskolan 25 ikastaro eskainiko dira, iaz baino bat gehiago, eta guztira 412
plaza egongo dira. Izena emateko epea datorren astelehenean hasiko da, irailaren 10ean. Xakearen bidez emozioak kudeatzen ikasteko tailerra, edota emakume migrarien ingurukoa nabarmendu ahal dira berezien artean. Riosek gogoratu du Durangoko jabekuntza Eskola erkidegoko "indartsuenetakoa eta erreferentea" dela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!