Bizikleta martxa baten bidez Durangoko inguruneko plastikoak batuko dituzte

Markel Onaindia 2018ko ira. 7a, 16:00

Mugikortasun Astearen barruan ekintza berezi hori antolatu dute, irailaren 22an gauzatuko dena. Ezkurditik irtengo dira, 10:00etan.

Irailaren 19tik 25era bitartean garatuko da Durangoko Mugikortasun Astea, eta gaur egin dute egitarauaren aurkezpena Mari Jose Balier hirigintza zinegotziak eta Juan Zubiaurre Tazebaez talde antolatzaileko kideak. Nobedade lez, aipagarria da Durango inguruko auzo eta mendi bideetan egingo duten martxa, plastikoak batzeko aprobetxatuko dutena. Del mar y para el mar Bilboko elkartearen eskutik dator ideia; berez itsasoan egiten dituzte garbiketa horiek, baina barrualdean ere hasi dira antzekoak egiten, uda aurretik Plentzian ere egin baitzuten. Naturan bota eta itsasora ailegatzen diren plastikoez kontzientziatzeko balioko du ekintzak. 

Hilaren 22an egongo da egitarau potoloena: spinning maratoia, bigarren eskuko bizikleten azoka, ibilgailu jasangarrien erakusketa... 21ean mugikortasun jasangarriaren inguruko foruma prestatuko du Berdeagok Landako Elkartegian, hainbat berbaldigaz. Hilaren 25ean, bestalde, Stop Accidentesen eskutik ikasleei zuzendutako hitzaldia eskainiko da.

"Bizi kalitatea hobetzeko apustua"
European Mobility Week ekimenagaz bat egin du Durangok. Balierrek esan du hasieratik apustua egin dutela horregaz, eta mugikortasunaren ildoan lanean jarraituko dutela. "Udalak horren alde lan egiten jarraituko du, etorkizunari begira inbertsio bat izateaz gain, durangar guztien bizi kalitatea hobetzeko apustu bat baita". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!