“Garaiera handian geundenean sentsazio termikoa zero azpitik hamar gradukoa zen”

Joseba Derteano 2018ko ira. 8a, 10:30

Orain urte bi pasatxo hasi zen mendi lasterketak egiten, eta joan zen asteburuan Mont Blanc ultra traila amaitu zuen Ibon Pujanak (Durango, 1971).

Aspaldi hasi zinen lasterketak egiten?
Beti izan naiz mendizalea, eta martxa herrikoiak egin ditut. Orain urte bi pasatxo hasi nintzen lasterketak egiten: Hiru Haundiak eta Basque Ultra Traila, besteak beste. Zozketan Mont Blanc-ekoa egitea egokitu zitzaidanean, urte osoa horixe prestatzen eman dut. Nire urteko helburua izan da.

Hain distantzia luzean (170 km) aritzen zaren lehenengo aldia izan da?
Bai. Luzera aldetik zein desnibel aldetik inoiz egin dudan gogorrena izan da. Aurretik, 130 kilometrokoa zen nik egindako luzeena.

Zelan joan zen lasterketa?
Nire helburua amaitzea zen. Fisikoki exigentea da, baina, nire ustez, burua ondo kudeatzen jakin behar duzu. Esaterako, lehenengo gaua gogorra izan zen, euri asko egin zuelako eta garaiera handian geundenean sentsazio termikoa zero azpitik hamar gradukoa zelako. Asko sufritu nuen. Hurrengo egunean, beste mendi batean haize handia zebilen, eta ezin ginen ia ibili. Baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman gura dizkiot AL-KO Record enpresari emandako laguntzagatik.

Zer irakatsi dizu lasterketak?
Bi ondorio atera ditut. Batetik, zeure buruarengan sinetsi behar duzu. Hori da garrantzitsuena. Bestetik, entrenatu eta fisikoki ondo prestatu beharra dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!