“Musikalki erronka bat da abestiak bion artean betetzea, baina konexio itzela dugu eta nahikoa garela uste dugu”

Aritz Maldonado 2018ko ira. 7a, 17:00

18 urtegaz Bartzelonara joan zen ikastera Ane Barcena Zuazo (Durango, 1994), eta han bizi da ordutik. Musikagaz harreman estua eduki du betidanik, eta hainbat instrumentu ere jotzen ditu. Batxilergoa ikasten ari zela, gitarra jotzen hasi zen, bere kabuz; orain urtebete, ostera, bateria jotzen hasi zen. Gero, Raquel Pagès ezagutu, eta Pinpilinpussies sortu zuten.

Aurretik zenbait orkestra eta konbotan aritu ostean, zerbait ezberdina egiten ari da orain Barcena. Gitarragaz eta bateriagaz nahikoa dute horma akustiko bat eraiki, eta ahotsekin sorturiko melodiekin abesti gordinak eskaintzeko. Lehenbiziko kontzertuan grabaturiko sei abesti dituzte Bandcampean entzugai. Aste bi barru, euren lehenbiziko lan laburra izango dena grabatuko dute Bartzelonan. Aurrerantzean kontzertu gehiago eskaintzeko ateak zabaltzeko baliagarria izango zaielakoan daude.

Nola sortu zenuten Pinpilinpussies? 

Raquel Pagèsek eta biok posgradu batean ezagutu genuen elkar orain urtebete. Gitarra jotzen dugu biok, eta horrez gainera, bateria irakasle bera genuenez, egun batean jotzeko geratu ginen. Asmo berezirik barik. Aurretik kanta batzuk genituen bakoitzak konposaturik, eta entsegu horretan bateria doinuak sartu genituen. Gehiagotan elkartu, eta martxoan gure lehenbiziko kontzertua eskaini genuen. Ia konturatu barik iritsi zen egun hori. 

Nondik dator izena?

Bartzelonako lagunei euskarazko berbak erakusten dizkiet, eta horietako hainbaten artean, pinpilinpauxa asko gustatu zitzaien. Taldean neska bi garenez, berbaren pauxa amaieraren ordez, pussy [alua, ingelesez] esaten hasi ziren, eta horrela geratu zen (barrez).

Zenbat kontzertu eskaini dituzue? Guztiak Bartzelonan?

Orain arte zazpi kontzertu eskaini ditugu, hileko bat. Zorte handia eduki dugu, hiriko leku ospetsuetan jotzeko aukera eduki dugulako. Momentuz, ez gara irten, baina laster Bartzelonatik kanpo jotzen hastea ere espero dugu.

Sei abestiko zuzeneko bat duzue bandcampean eskegita, entzungai. 

Bai, gure lehenbiziko kontzertua izan zen hori.

Baduzue asmorik epe laburrean estudiora sartzeko? 

Bai. Hain zuzen ere, aste bi barru sartuko gara estudiora gure lehenengo disko laburra izango dena grabatzeko. Bernat Sanchezegaz grabatuko dugu. Talde askogaz lan egin duen Bartzelonako ekoizle bat da. Udazkenean kaleratzea da gure asmoa, bideoklip bategaz batera. 

Ingelesez abesten duzue. Zeri buruzko hitzak dira?

Bai, ingelesez abesten dugu kanta hauetan. Hurrengo kantaren batean, baina, euskara eta gaztelania erabili gura ditugu. Egunerokotasunean oinarritzen diren letrak dira gehien bat, bion esperientziei eta pentsamenduei buruzkoak. Modu honetan, bakoitzaren ziurgabetasunak askatzen ditugu. Gure deabruak kanporatzeko baliatzen ditugu abestiak, bide batez.

Besteak beste, Moldy Peaches, Bikini Kill eta Courtney Barnett artisten eragina duzuela aipatu izan duzue. Besterik nabarmenduko zenukete? Nola definituko zenukete zuen musika?

Beste askoren artean, horiek nabarmenduko genituzke. Raquelek folk eta pop doinuak entzuten zituen gehien bat, eta ni, ostera, punketik eta rocketik nator, eta nire ustez hori da giltza; bion arteko nahaste-borrastetik irtendakoa da gustura sentiarazten gaituen musika. Entzun gaituztenek, garage, rock, pop, punk... eta halako berbak erabili dituzte gu definitzeko, baina guk ez dugu ezer definitu, eta agian, ez dago beharrik ere.

Azken urteetan asko ugaritu dira bateriak eta gitarrak osaturiko duetoak. Zuen kasuan, hasieratik erabakitako zerbait izan da, ala berez gertatu da?

Berez gertatu da. Konexio itzela nabaritu genuen gure artean biok, eta horregatik ez dugu ezer gehiago sartu gura izan. Musikalki erronka bat izan daiteke, kantak bion artean bete behar ditugulako, baina gaur egun indar askoko rock bikoteak daude, formatu horregaz posible dela erakusten ari dira eta haiengandik asko ikasten ari gara: Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala edo Cala Venta gisako duoak topera dabiltza! 

Aurrera begira, helbururik ezarri diozue zuen buruari? Nora iristea gustatuko litzaizueke? 

Jo eta jo aritzea gustatuko litzaiguke, asko entseatzea eta zuzenean sua ateratzea. Epe luzera begira, ostera, ez dugu helbururik jarri. Disko laburra atera ostean kontzertu gehiago lortzea espero dugu, eta jendeak ondo pasatzea kontzertu horietan, edo grabaturikoa entzuterakoan. Eta topikoa iruditu arren, ondo pasatzea da batez ere gura duguna; hori beharrezkoa da gauzek aurrera egiteko. 

Zerbait gehitzeko?

Norbaitek zuzenean entzun gura bagaitu, deitu diezagula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!