184 uso harrapatu ditu 2018an Durangoko Udalak, eta asteon Andra Mariko elizpea garbituko du

Markel Onaindia 2018ko ira. 5a, 09:12

DAZek bidalitako argazkia.

Durangoko Alde Zaharra (DAZ) auzo elkarteak zenbait herritarren kexak prentsara bideratu zituen atzo, esanez Andra Mariko elizpea usoen kakaz zikinduta zegoela. Udalak ordu batzuetara erantzun du, argituz urtean bi alditan usoak harrapatzeko saioak egiten dituela, eta asteon bertan garbituko dutela Andra Maria. 

"Zertaz harrotzen da Durango?", galdetzen du DAZen oharrak. Andra Mariko argazki batzuk helarazi ditu egoera salatzeko. "Zikinkeria eta gehiago. Pertsonak ezin dira jarri ere egin elizpean. Eta zer esan Kanpatorrostetako kontainerrez, orain arte esan ez denik?", jarraitu du lurpeko edukiontzien inguruko kexa ere azalduz.  

Udalak dio aurten dagoeneko 184 uso harrapatu dituela. Ekainaren 16an eta abuztuaren 11n egin zituzten bi harrapaketa saioak; kanpaina maiatzetik azarora izaten da, teknikarien ustez hori baita sasoi onena. Andra Mariko kasuari dagokionez, habiak aurkitu direla informatu du udalak, eta asteon kenduko direla. Gainera, bertako bankuak hamabostean behin garbitzen direla ere gogoratu du. Madalenako ermitan ere eguenean sareak ipiniko dituzte. 

 

Hona hemen udalak garbiketak erakusteko bidali duen argazkia:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!