“Gutxi baloratzen da sorosleen lana; topikoz beteta dago gainera”

Aitziber Basauri 2018ko ira. 2a, 10:30

Udaldia amaituta, irailean hartuko ditu oporrak Ane Baraiazarra Irazolak (Durango, 1994). Sorosle eta kirola egiteko monitore moduan jardun du lanean Abadiñoko igerilekuetan goi mailako kirol ikasketak dituen durangar honek. Oraindik ere, sorosle lana topikoz betetako lanbidea dela dio berak. Horretaz eta soroslearen egunerokoaz jardun du ANBOTOgaz.

Noiz hasi zinen lanean sorosle?
Bost urte dira titulua atera nuela, eta lehenengo udaldia Otxandioko igerilekuetan egin nuen. Esperientzia oso polita izan zen. Udaldirako  lan moduan ikusten nuen hasieran,  dirutxo bat irabazteko. Udalekuetan beharrean, sorosle lana egitea pentsatu nuen. Hala ere, urte osoko lana bihurtu da. Sorosle moduan ez ezik, urteko jarduerak (aquagim, aquabike, umeentzako ekintzak...)egiteko monitore ere banaiz. Durangon goi mailako kirol zikloa egin nuen eta horren barruan sorosle titulua ere atera nuen. Beti gustatu izan zait ura, eta igeri egitea.

Beti egin duzu lan igerilekuan?
Bai. Gurutze Gorriak urtero egiten ditu probak, baina beti harrapatu naute eski denboraldian. Gustatuko litzaidake hondartzan lan egitea, baina, momentuz, ez dut nire burua horretan ikusten. Hondartzan arriskuak handiagoak dira, ohikoagoa da erreskateren bat egin behar izatea, bizia arriskuan jarri behar izatea. Eguraldiak eta itsasoaren aldaerak eragin handia dute. Gainera, jende gehiago dago. Ondo pasatzera doaz eta ez dute  arriskurik ikusten. Igerilekuan babestuago zaude, baina beti gerta liteke zerbait.

Igerilekua eskiengatik aldatzen duzu neguan?
Txandakatu egiten ditut. Abadiñoko igerilekuan eta gimnasioan astelehenetik eguenera lan egiten dut; Durangoko igerilekuetako gimnasioan ere aritzen naiz. Bariku, zapatu eta domeketan, ostera, Astungo (Aragoi) eski-estazioan lan egiten dut. Gustuko tokian aldaparik ez.

Zein da soroslearen lanik gogorrena?
Larrialdiren bat ez badago, esango nuke bertan orduak ematea dela gogorrena. Egon beharra dago eta orduak luzeagoak egiten dira ezer egin barik. Hori egunerokoari dagokionez. Bestalde, bainulari bat itotzea edo norbaiti bihotzekoak ematea eta ezer egiterik ez izatea... ez zait pasatu, baina hori bizitzea oso gogorra izan behar da. Jota utzi behar zaitu.

Eta alderik politena?
Badaude egunero etortzen diren bainulariak, eta sortzen den harremana nabarmenduko nuke. Abadiñon badugu bat, Pedro Mari, beti zerbait ekartzen diguna: ogia, aldizkaria, barazkiak... Lotura polita sortzen da. Horrez gain, jendea kirola egiten ikustea, hobetu egin gura duena ikustea interesgarria da.

Zeintzuk dira ohiko istripuak?
Korrika doazela jausi eta belaunean min harzen dute ume askok. Ez dela denbora asko, lau urteko mutiko bat labandu eta txankleta trabatu zitzaion; ezin genion atera. Drama txiki bat izan genuen. Iaz, emakume bat zoraiatu egin zen. Ezin zen mugitu, ezin zuen berbarik egin, eta susto galanta hartu genuen. Bakarrik nengoen gainera. Protokoloari jarraitu genion eta anbulantzian eraman zuten. Soroslerik onena zuhurren dabilena dela diote, prebentzioz jokatzen duena.

Betetzen da sorosleen esana?
Ez. Inondik inora! Badaude soroslea erreferente lez hartzen duten bainulariak. Galdezka etortzen zaizkigu, eta asko eskertzen dugu. Askotan polizia sentsazioa dut, eta hori ere ez da kontua. Gu ez gaude esateko gozokiaren plastikoa ezin dela lurrera bota, zerbait gertatzen bada prest egoteko baino. Gurea ez den funtzio bat egiten dugu askotan, poliziarena. Neguan gehiago betetzen da gure esana, kontzienteago dira kirol instalazio bat dela. Udan askok uste dute etxean daudela, ez igerilekuan.

Gutxi baloratzen da zuen lana?
Oso gutxi. Topikoz beteta dago, gainera.

Adibidez?
"Ez duzu ezer egiten-eta!", "lo zaude"... horrelako asko entzuten ditugu, edo "ito itxurak egingo ditut ea ahoz ahokoa egiten didazun". Azken hori emakumeok entzuten dugu batez ere, baina gizonek ere bai. Sorosleen edertasuna ere ohiko topikoa da. Pelikuletan ikusten direnak sinetsita daude batzuk.

Eguraldi eskasagaz jende gutxiago joaten da?
Abadiñon igerilekuetako teilatua itxi eta zabaldu egiten da, beti dago jendea; gainera, beti ditugu pare bat kale gordeta kirola egitera datorren jendearentzat. Urte osoko igerilekuak dira. Ez dugu desberdintasuna igartzen. Eguraldi eskasagaz ere asko datoz. Beste planik ez badute, umeekin jolastera datoz.

Zein da zure eguneroko lana?
Ateak zabaldu, klimatizagailua amatatu... mantenu lana ere egiten dugu. Gimnasio txiki bat dugu pistinan eta bertan sartzen ditugu kirola egiteko makinak. Jende kopurua neurtu behar dugu eta analitikak egin, tenperatura hartu, eta jendeari lagundu. Beti dago zer egin.

Udaldi osoa lanean ematen duzu.
Pozik nator lanera, jende artera. Eguraldi onak ere asko laguntzen du. Irailean hartzen ditut oporrak. Jende gutxiago dabil, eta merkeagoa da dena. Denak datozenean noa ni!

Gomendiorik?
Kasu gehiago egitea. Zerbait badiogu, zerbaitegatik da, ez atzetik jardutea gustatzen zaigulako. Edozer dela-eta, soroslea erreferente lez hartzea, ez bakarrik salto egin daitekeen ala ez esateko, zorabio txiki bat baduzu ere bai. Gure lana serioago hartzea.

Hondartza ala igerilekua?
Sorosle lez, igerilekua; aisialdirako, hondartza, dudarik gabe!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!