Etxean lapurretak saihesteko gomendioak eman dituzte Durangoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak

Jone Guenetxea 2018ko abu. 6a, 16:38

Durangoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ohartarazi dute udako hilabete hauetan erne egon behar dela etxebizitzetan lapurretak saihesteko.

Oinarrizko segurtasun-neurri batzuk hartzea eta arau sinple batzuk jarraitzea gogorarazi dute prentsa ohar bidez. Ertzaintzaren esanetan, etxe eta pisuetako lapurretarik gehienak talde ibiltari espezializatuek egiten dituzte, eta indarra erabilita sartzen dira etxeetan. "Batez ere dirua, bitxiak eta aparatu informatikoak lapurtzen dituzte". Ertzaintzak dioenez, talde horiek beti modu berdintsuan jarduten dute:

Etxearen sarreran ikur bat jartzen dute, normalean atearen behealdean. Atea zabaltzean ikurra erori egiten denez, jakin dezakete egun horietan etxean badabilen norbait. Ikurrak hainbat egunetan bere lekuan jarraitzen badu, sarraila manipulatzen dute, apurtu beharrik izan gabe, eta atea zabaltzen dute.

Etxea goitik behera miatzen dute zehatz-mehatz, eta dena hankaz gora utzi ondoren balio handieneko objektuak eta aurkitzen duten dirua hartuta alde egiten dute.

Etxean lapurretak saihesteko gomendioak:

  •  Beti itxi etxeko sarrerako atearen sarraila giltzaz, bi buelta emanda.
  •  Saiatu sarraila modernoak, behar adinako segurtasun-bermeak ematen dituztenak, jartzen.
  •  Sarri aztertu atearen markoa, ikurren bat jarri ote duten ikusteko; halakorik hautematen bada, ez ukitu eta berehala deitu Ertzaintzara (94 466 93 00), Durangoko Udaltzaingora (94 603 00 10) edo SOS DEIAKera (112).
  • Postontzietako posta eta publizitatea sarri erretiratu, eta etxean norbait dagoela aditzera emango duten gailuak erabili.
  •  Konfiantzazko jendearekin hitz egin zure etxera sarri samar bisita egin dezaten eta nola dagoen ikus dezaten.
  •  Ez esan jendaurrean, ezta sare sozialetan ere, zein egunetan ez zaren etxean egongo. Ez utzi halako mezurik erantzungailuan.
  •  Higiezinari atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak.
  •  Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitu portal barruan edo inguruan pertsona susmagarriren bat ikusten baduzu.
  •  Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara edo Udaltzaingora.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!