502 ume eta gaztek parte hartu dute Domekaeron

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 25a, 13:07

Durangoko Udalak, Berbarok eta Plateruenak ume eta gazteen aisialdira bideratutako Domekaero programaren balorazioa egin dute. Hezitzaileek, familiek eta bultzatzaileek balorazio positiboa egin dutela azaldu dute prentsaurrekoan. Datorren ikasturtean ere Domekaero antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Aitziber Irigoras alkateak.

Durangoko Udaleko Kultura sailak, Berbaro Euskara Elkarteak eta Plateruena Kafe Antzokiak ume eta gazteentzako Domekaero programa jarri dute martxan ikasturte honetan, martxotik ekainera. Gaur goizeko prentsaurrekoan, hiru bultzatzaileek ekimenaren balorazioa egin dute. Aisialdi eskaintza 12 domekatan burutu dute. 6-10 urte arteko umeak Elkartegian egon dira, eta 11-14 artekoak berriz, Plateruenean. Maite Unzalu Berbaroko haur eta gazte arloko teknikariak azaldu duenez, familiek eta hezitzaileek balorazioa "oso ona" egin dute. Era berean, euskararen erabilerari dagokionez, espazio honetan ume eta gazteentzat hezitzaileak "erreferente" izan direla nabarmendu du. Guztira 502 plaza bete dituzte, 6-10 urteko 338 eta 11-14 urteko 164 gazte. 

Domekaeroz gain, lau hilabete hauetan 0-6 eta 14-16 urte artekoei zuzendutako ekintzak ere antolatu dituzte Plateruenean, Ihintza Orbegozo antzokiko kultur teknikariak azaldu duenez. 

Lehenengo edizio honetako emaitzak kontuan hartuz, Durangoko Udalak datorren ikasturtera begira ekimenarekin jarraitzea du helburu, "beste urte batez gazteen beraien gustu eta beharrizanei erantzuten dieten ekintzen eskaintza zabal bat sustatuz eta gazteak inplikatuagoak eta identifikatuagoak sentitu daitezen", dio Aiztiber Irigoras alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!