Iñaki Perez 'Ortzi'-k gidatuko du DRTko mutilen senior taldea datorren denboraldian

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 20a, 22:13

'Ortzi' iazko denboraldian Getxoko entrenatzailea izan zen. 

2018ko uztailaren 17 ospatutako ohiko bileran, DRTko zuzendaritza taldeak senior mutilen taldeko entrenatzaileen aldaketa erabaki zuen 2018-19 denboraldirako. Orain arte entrenatzaile aritu diren Oskar Astarloak eta Kemen Goitiandiak ez dute eginkizun honetan jarraituko. DRTk prentsa oharrean azaldu duenez, Iñaki Perez 'Ortzi'-k zuzendutako talde batek gidatuko du taldea datorren denboraldian.

"Oskarrek eta Kemenek eginkizun honetan ez jarraitzeak, senior mutilen mailako kirol ikusmolde
desberdinean du arrazoi nagusia. Klubaren kirol ikusmoldea ez dator bat entrenatzaile hauen
ikusmoldearekin. Era berean, entrenatzaile hauek ez dute euren profila klubaren ikusmoldera egokitzen denik uste", dio DRTk prentsa oharrean. 

Errugbi taldeko ordezkariek diotenez, hartutako erabakiak ez du aurten izandako kirol emaitzekin zerikusirik. Bestalde, Astarloak eta Goitiandiak egindako lana azpimarratu dute.

'Ortzi', DRTko entrenatzaile izandakoa

Orain 15 urte Iñaki Perez DRTko entrenatzaile zela mutilen taldea ohorezko lehenengo mailara igo zen. Getxoko entrenatzailea ere izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!