“Errugbian maila honetara heltzeko, gauza asko sakrifikatu behar izan ditut”

Joseba Derteano 2018ko uzt. 20a, 11:55

Espainiako selekzioagaz errugbi 7ko munduko txapelketako estreinaldia du gaur Uribarri Barrutieta Barrenetxeak (Durango, 1997). Fiji-ko selekzioa izango dute aurrez aurre. 21 urte besterik ez, eta errugbiaren elitean txoko bat egiten ari da durangar gaztea. Inork ez dio ezer erregalatu. Baloia besapean hartu, burua makurtu eta entseguaren bila abiadan doan jokalariaren determinazio bera erakutsi du bere ibilbidean, eta lan horren saria jasotzen ari da orain.

Zure kirolari ibilbideko hitzordurik garrantzitsuenaren atarian zaudela esango zenuke?
Munduko txapelketa baten aurrean nagoela sentitzea itzela da, baina beste edozein txapelketa balitz moduan hartzen saiatzen naiz.

World Series torneorako deialdietan ohiko jokalaria izan zaren arren, bazenuen kezka munduko txapelketarako hautatuko ote zintuzten?
Jokalari beteranoak badakizu joango direna, baina nire moduan nahiko berriak direnekin… Gainera, errugbi 7ko taldea hamabi jokalarik bakarrik osatzen dute. Beraz, sekula ez da jakiten eta banuen zalantza puntu hori.

World series zirkuituagaz alderatuta, zertan da desberdina munduko txapelketa?
World series-etan ligaxka bat jokatzen da hasieran. Munduko txapelketan, ordea, kanporaketak daude. Guk Fijiren kontrako partidua dugu lehenengo. Irabaziz gero, aurrera jarraituko dugu eta, ostarantzean, etxera.

Hainbat partidu jokatu dituzu selekzioagaz. Une honetan, zein da zure tokia?
Errugbi 7an, esango nuke, aurrelari postua dela nirea. Durangon jokatuko banu, jokalari azkarrenetakoa izango nintzateke beharbada, baina hemen ez. Hemen jokalari oso arinak daude. Nire jokoa gehiago da kontaktuzkoa, indarra erabiltzekoa. Partidu laburrak —zazpi minutuko zati bi— eta oso intentsoak dira. Desgaste fisikoa askoz handiagoa da eta, hori lantzeko, egutegi bat eta entrenamendu espezifikoak ditugu urtean zehar. Asko igartzen da. Euskal Ligan zabiltzanean hiru esprint egin eta itzela zarela pentsatu dezakezu, baina munduko onenekin lehiatzen zarenean errealitatea zein den eta benetan non zauden konturatzen zara.

Gazteentzat gaitza da taldean toki bat egitea?
Apurka-apurka nire tokia egiten joan naizela uste dut. Izaeraz pertsona barnerakoia naiz, sarritan kostatu egiten zait irekia izatea, baina, uste dut alderdi horretan ere pausoak ematen nabilela denboragaz.

Mundua ezagutzeak eta munduan barrena ibiltzeak laguntzen du izaera zabalagoa izaten?
Bai. Durangotik Madrilera zoaz, bakarrik zaude eta zeuk atera behar dituzu babak eltzetik. Norberak egin behar du besteengana zabaltzeko ahalegina. Edo egiten duzu eta ez duzu askorik iraungo.

Madrilen, zenbat denbora eman duzue kontzentratuta?
Iazko azaroan hasi ginen eta, hilero-hilero, bi-hiru aste kontzentratuta eta lanean eman ditugu Madrilen.

Bestela esanda, denbora gutxi eman duzu Durangon, etxean. Herriaren falta sumatu duzu?
Bai, nire inguruaren falta igarri dut. Bartzelonatik Madrilera bizitzera bazoaz, beharbada aldaketa ez da hainbesterako, baina Durangotik joanda… bizitza erabat aldatzen da. Sarritan etxemina izaten dut, etxera bueltatzeko gogoa. Lelokeria ematen du, baina Durangora bueltatzeko falta diren egunen atzerako kontaketa egiteak lagundu egiten dit. Etxean egun bi bakarrik emanda ere, indarberritu egiten zara: lagunak eta lehengusu-lehengusinak ikusi, nire betiko ohean lo egin…

Madrilera zein San Frantziskora, etxetik kanpora zoazen egunetan, zer ez zaizu sekula ahazten motxilan sartzea?
Eroso egoteko, etxeko kuxin bat, lehengusu-lehengusina denak agertzen diren argazkia, eta musika. Hiru gauza horiek beti eramaten ditut.

Munduko txapelketan, zer eginda geratuko zinateke gustura zure buruagaz?
Minutu gutxi jokatzen baditut, nire lana ondo egin dudan sentsazioagaz irten gura nuke. Gauza bi egin behar baditut, horietan nire maila ematea. Beste erronka bat mentalki eustea izango da.

Zer esan gura duzu mentalki eusteagaz?
Urte osoan lehiatzen ibili ostean, denboraldia luzatzea eta maila honetako txapelketa bati aurre egitea oso gogorra da mentalki. Urduritasun eta tentsio asko pilatzen da bidean. Nekatuta zaude, baina sasoiari eutsi behar diozula pentsatzen duzu, hitzordura ondo heldu behar duzula. Edo, beharbada, hasten zara pentsatzen minutu gutxi izango dituzula munduko txapelketan eta horietan ondo egin behar duzula. Horrelako kontuak. Gorputzak atsedena eskatzen dizu, errugbia ez den beste zerbait egitea, baina egin beharra dago. Benetan gura edo desiatu behar duzu. Bestela, buruak ezetz esango dizu.

Gazterik onenekin zabiltza. Eliteak, exigentziarik gorenak, zer irakasbide ematen dizu beste mailek ematen ez dutena?
Benetan zer gura duzun baloratzen ikasten da. Bide bat egin gura badut, horretarako zer aukera dauden eta horiek baliatzen ikasten da. Errugbian maila honetara heltzeko, gauza asko sakrifikatu behar izan ditut. Esaterako, nire bizitza estiloa moldatu behar izan dut. Jende askok ez du hori egiten.

Atzera begiratuta, merezi izan dute sakrifizio horiek?
Bai. Beti ez da erraza izan. Sarritan dudak sortzen dira eta gauza errezak zailak direla ematen du. Une gaitzetan taldekideen laguntza eta animoak eskertzen dira. Ondo zabiltzala, eusteko bideari eta denak mereziko duela entzuteak laguntzen du. Gaur egun barneratu dut edo barneratzen hasi naiz errugbia dela nire bizitza, eta luzaroan horrela jarraitzea espero dut, asko gustatzen zaidalako.

Etxekoak joan dira San Frantziskora zugaz egotera?
Aita, ama eta ahizpak datoz. Babesik ez zait faltako.

Aholkularirik baduzu etxean?
Ama, dudarik barik. Lagunek emandako aholkuak eta babesa eskertzen ditut, jakina, baina ama da arazo bat dudanean nire deia jasotzen duen aurrenekoa. Batzuetan pentsatzen dut “ez diot deituko, gehiegi larrituko da-eta”. Deitu eta berbetan hasteagaz batera sumatzen du zerbait gertatzen bazait.

Errugbiko profesionala zara? Errugbitik bizi zara?
Errugbitik bizi naiz, baina ez dut kontraturik. Neskek ez dugu kontraturik, bekak ditugu. Diru-laguntzei esker bizi gara.

Gizonetan berdin gertatzen da? Hau da, kirola bera da sostengu gutxi duena ala gizonen eta emakumeen artean aldea dago?
Alde batetik, egia da errugbia ez dela futbola eta ez duela futbolaren oihartzunik, baina ezin dugu ahaztu gizonen eta emakumeen artean dagoen desberdintasuna. Hori igartzen da. Gizonek ez dute ADO bekarik [Olinpiar Jokoen Elkarteak ematen duen laguntza programa] zeren eta Olinpiar Jokoetan eta bestelakoetan ez dituzte horretarako behar diren emaitzak lortu. Baina, zailtasunak dituztenean, gizonei gehiago laguntzen dietela igartzen da. Guk, azken batean, eurek baino  gauza gehiago irentsi behar izaten ditugu eta askoz gehiago kostatzen zaigu egiten duguna bistaratzea eta baloratua izatea. Kontuan hartu behar da gizonezkoak ez daudela munduko txapelketan eta gu, ostera, bai.

Munduko txapelketa amaitzean, aspaldiko partez oporrak hartuko dituzu?
Bai. Pare bat astean hankak geldi izango ditut. Gorputzak atsedena behar du, nahitaez. Errekuperatzeko funtsezkoa da geratzea eta gorputzari astia ematea. Dagoeneko banabil pentsatzen nora eta nogaz joan, eta zer egin.

Atseden hartu ostean, Getxo errugbi taldeagaz denboraldi berri bat hasiko duzu?
Ez. Hurrengo denboraldian ez dakit non egongo naizen, baina ez da Getxon izango.

Zergatik?
Ohorezko Mailatik jaitsi egin gara aurten. Baina, horretatik aparte, denboraldi gogorra izan da eta, egia esanda, pentsatuta neukan giroz aldatzea. Ez dakit etxera bueltatuko naizen edo zer egingo dudan, baina, seguruenik, ez naiz Getxon egongo.

Baduzu talderen baten eskaintzarik edo bazabiltza zu zeu beste aukera batzuk aztertzen?
Heldu zait eskaintzaren bat, baina, oraingoz, ez dakit zer egingo dudan. Zentzu horretan ez dut erabakirik hartu, momentuz. Orain munduko txapelketan zentratu gura dut eta horren ostean pentsatuko dut zer egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!