“Sortzen dena intimitatean gordetzea da joera; publikatzen laguntzea gura dugu guk"

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 21a, 13:00

Sorginolako Ateneotik literaturagaz eta sorkuntzagaz loturiko hamaika ekimen antolatu dituzte urteotan. Gaztetxearen hirugarren urteurrenean, 'Berbaz' sorkuntza aldizkaria aurkeztu zuten. Gazte durangarren hainbat sorkuntza publikatu dituzte aldizkarian. Proiektua dinamizatu duten taldeko kideetako bi dira Helene Sanchez eta Iker Villanueva. 

Nondik dator 'Berbaz'?
Iker Villanueva: Sorginola okupatu eta gero, zenbait proiektu martxan jartzeaz berba egin zen. Horrela sortu zen Ateneoa. Hainbat ekimen antolatzen hasi ginen. Irakurraldiak eta literatur tertuliak, adibidez. Taldea egonkortu ahala, ekimen handiago bat egitea pentsatu genuen; sorkuntza aldizkari bat sortzea ideia ona iruditu zitzaigun.
Helene Sanchez: Durangon egon izan dira horrelako aurrekariak, eta horri jarraipena eman gura izan diogu. Sei hilabetez proiektu honetan buru-belarri egon gara.

Aldizkariko lanetako batzuk 24 Ordu Paperean lehiaketan jaso zenituzten.
I.V.: Bai, hamar lagunek bidali zizkiguten beraien lanak, eta oso pozik geratu ginen. Lan onduagoak ere badaude. Idaztea gustuko duten gazteengana jo genuen, eta idaztera gonbidatu genituen. Beste batzuk guk ezer esan barik etorri dira gugana.  
H.S.: Guretzat sorpresa bat izan zen, formatua ere ezberdina zelako. Lehiaketaren formatuari esker, hasiera batean heltzen ez ginen jende batengana heldu ahal izan gara. Ateneoan lau lagun gaude orain, eta geu arduratu gara guztiaz: diseinua, maketazioa, editoriala... Ekarpena egin duten lagunak kontuan hartuta, hogeita hamar bat lagunek parte hartu dugu lehenbiziko ale honetan. Aldizkariaren aniztasuna islatzen du horrek.

Gabezia sumatzen zenuten gazteen sorkuntzaren alorrean?
H.S.: Esan bezala, bazeuden aurrekari batzuk Durangon. Txaman aldizkaria, adibidez. Jendeari oraindik interesatzen zaion ikusteko balio izan digu aldizkaria egiteak, uneko argazki bat egiteko, eta horrek motibatzeko eta aurrera egiteko balio izan digu.
I.V.: Tailerrak egin izan ditugunean, ikusi dugu Durangon badaudela idaztea gustuko duten gazteak. Aldi berean, idazten edo sortzen dena intimitatean uzteko joera dago, ez da publiko egiten. Pauso hori ematea kostatu egiten da, eta horretan laguntzea gustatuko litzaiguke Berbazen bidez, erraztasunak ematea gura dugu.
H.S.: Bertan idatzi dutenetako batzuek lehenago ere publikatu dituzte euren lanak. Guretzat interesgarria izan da guztiak batu eta publikatzea.

Hori litzateke ekarpena, beraz.
H.S.: Batez ere, sorkuntza bultzatzea da gure asmoa, literaturan jarriz fokua.
I.V.: Musika talde bi elkarrizketatu ditugu, eta antzerki talde bat. Azalaren eta kontrazalaren egilea Jone Ertzilla da. Pisua literaturak du, baina denetarik sartzen saiatu gara. Arteari buruzko hausnarketa bat ere sartu dugu.

Non saltzen da 'Berbaz'?
H.S.: 80 ale atera ditugu, eta guztiak salduko ditugulakoan gaude.
I.V.: Hitz liburudendan eta Intxaurre elkartean daude aleak salgai, eta Durangaldeko gaztetxeetara zabaltzea gustatuko litzaiguke. Beharbada, irailetik aurrera ikastetxeetan jarriko ditugu; elkarlana egotea gustatuko litzaiguke. Edozein ekarpen egiteko, sorginolakoateneoa@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Proposamen guztiak ongi etorriak izango dira.

Eta aurrera begira?
i.V.: Datorren urtean beste ale bat ateratzea gustatuko litzaiguke.
H.S.: Hurrengo aldizkarirako ideiak jasotzen hasi gara. Oraindik lehenbiziko ale hau gehiago zabaltzea gustatuko litzaiguke, eta, ostean, bigarrena egiteko bideari ekingo genioke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!