“Europako txapelketako 10.000 metroko proban bigarren eginda pisu handia kendu dut gainetik”

Joseba Derteano 2018ko uzt. 20a, 12:55

Asier Aguirre (Bat Basque Team) Europako INAS Txapelketan lehiatzen ari da Parisen. 10.000 metroko proban, bere distantzian, zilarrezko domina irabazi du. Belauneko lesiotik erabat errekuperatuta dagoela dio.

Zelan joan zen lasterketa?
Lehenengo kilometro bietan lasterketa mantsoa izan zen, oso taktikoa. Bata bestea zaintzen ibili ginen. Nik gauza bat argi neukan: ez nintzela ni tiratzen jarriko. Badakit zer gertatzen zaidan: ia beti neu jartzen naiz tiraka eta besteek aprobetxatu egiten dute. Horrela joan ginen azken txanparaino. Vallone italiarraren erasoari jarraitzen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen. Lesioaren ostean txispa falta zait oraindik. Beraz, atzeko multzora jaitsi, indarrak gorde eta azken hiru itzulietan erasoa jo nuen. Bigarren amaitu nuen.

Gustura emaitzagaz?
Oso pozik, urte konplikatua daramadalako. Nire markarik onenetatik urrun, iazko txispa barik… bigarren postuak garaipenaren zaporea utzi dit. Gainera, maila handia zegoen. Zeuden aurkariak kontuan hartuta, ezin naiz kexatu. Azken unera arte sufritu beharko nuela mentalizatuta nentorren, eta horrela izan zen.

Zer lesio izan duzu?
Eskumako belauneko lotailuan hezur-edema bat izan nuen. Hankak hainbeste zigortzen dituzu, azkenean desgastatu egiten direla. Urri edo azarotik aurrera lau hilabete eman nituen sendatzeko. Egunero korrika ibiltzetik, autobusa hartzeko ere ezin korrika egitera pasatu nintzen. Egia esanda, txarto pasatu dut, oso txarto. Sasoiari eusteko, bizikleta estatikoan ibili naiz.  Zorionez, erabat errekuperatuta nago. Ez dut ezelako minik.

Gaur 5.000 metroko proban arituko zara. Zer helburu duzu?
Europako txapelketan nire helburu nagusia 10.000 metroko proba zen eta bigarren eginda pisu handia kendu dut gainetik. 5.000 metroko proban denbora ona egitea dut helburu. Dominengatik borrokatzea gaitz dago, baina sekula ez da jakiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!