Sefini izeneko obran, porrot egin duten antzerkilari biren azalean sartuko dira Santi Ugalde eta Mila Espiga. Bihar izango da emanaldia, 20:00etan, Aurora Abasolo parkean (Musika Eskola ondoan).
70eko edo 80ko hamarkadan sortutako antzerki konpainia baten istorioa kontatzen dute protagonistek, eta zelan doazen aldatzen, amaierara arte. Konpainia zarratu eta saltxitxak saltzen hastea erabakitzen dute, antzerkian ibili ziren zirkuitu berean.
Ugaldek dio artearen debaluazioa aztertzea gura zutela Sefinigaz. "Frakasatu biren istorioa da, gure ofizioaren erretratu bat. Baina krisi ekonomikoagaz, programazio murrizketagaz eta kulturaren debaluazioagaz ere badu zerikusia", azaldu du aktoreak.
Kaleko antzerkiaren xarma
Saltxitxena "puntu ikoniko edo erradikal bat" dela dio Ugaldek, kaleko antzerkirako osagai bat. Euren atrezzo guztia saldu, eta saltxitxak saltzen hasiko dira han eta hemen. Ikusleak istorioan harrapatzen saiatuko dira ideia zoro horregaz.
Antzerkian bezala, telebistan hainbat saio eta telesailetan ikusi ahal izan dugu Ugalde; esaterako, Vaya Semanitan lehen, eta Allí Abajo seriean orain. Baina, urte asko ari da kale antzerkian lanean, eta arlo horretaz galdetuta, xarma berezia duela dio. "Kontatzen ari zarenaren egiazkotasuna da kaleko antzerkiaren gauzarik onena. Denbora errealean eta ikusleagaz aurrez aurre egin ahal izatea, laugarren hormarik barik", adierazi du.