Durangoko bonbardaketaren kereila artxibatu du Bizkaiko Auzitegiak, eta udalak errekurritu egin du

Markel Onaindia 2018ko uzt. 18a, 14:42

Iazko uztailaren 18an aurkeztu zuten kereila Durangoko epaitegian, eta urtarrilean artxibatzea erabaki zuen epaileak. Baina, udalak Bizkaiko Auzitegian errekurritu zuen, eta oraintxe heldu da erantzuna. 

Kereilaren sustatzaileetako bat izan zen Durango 1936 elkarteko Andoni Barreñak konfirmatu duenez, herrialdeko auzitegiaren erabakiaren aurrean helegitea aurkeztu du berriro udalak, kasu honetan Auzitegi Konstituzionalean. Gero, gaiaz informatzeko oharra bidali du udalak, eta bere arabera, tramitera onartzeko esperantza dute. Anais Franquesa abokatu katalanak idatzi du errekurtsoa, eta uztailaren 12an aurkeztu zuten.

"Historian lehen aldiz, Auzitegi Konstituzionalak poblazio-zibilaren aurkako
bonbardaketa sistematikoak gizateriaren aurkako delitu diren edo ez jakinarazi dezake", esan du udalak oharrean. "Auzitegi Konstituzionala jurisprudentzia eta nazioarteko legediarekin bat etortzeko unea da, guda zibil eta frankismoko krimenak ikertzeko aukera eskainiz", gaineratu du. Tramitera onartu ezik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko duela adierazi du udalak.

46 militarren izenak

1937ko martxoaren 31n 336 hildako eragin zituen erasoan Italiako Aviazzione Legionariako militarrek parte hartu zuten, eta horien aurka jarri zuen kereila udalak. Gerediaga elkarteko Jon Irazabal ikerlariak 46 militarren izenak identifikatu zituen, eta argitzeke dago bateren bat bizirik badagoen ala ez. Espainiar arduradunen aurka egitea zailagoa litzateke, amnistiaren legearen ondorioz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!