Baja garrantzitsu biren hutsunea etxeko atletekin beteta, erronka zailari aurre egin zioten joan zen asteburuan Elx-n (Alacant, Valentzia). 77 urterekin, Maria Jose Gilek lortu zuen Durango Kirol Talderen (DKT) posturik onena, 800 metroko proba bigarren amaituta. Xabalina jaurtiketan Begoña Martinezek lortutako hirugarren postuarekin ere puntu baliotsuak batu zituzten. Gainerako atletak laugarren eta seigarren postuen artean sailkatu ziren. Puntu denak batuta seigarren sailkatu ziren eta jaitsierako azken postu biak ekidin zituzten. Beraz, DKTko emakumeen taldeak master kategoriako mailarik gorenean jarraituko du beste urtebetez.
Mugartegi eta Lanbarri Euskadiko selekzioagaz
Maila absolutuari dagokionez, DKTko Ainara Mugartegik eta Eneko Lanbarrik Euskadiko selekzioaren elastikoa jantzi zuten joan zen asteburuan Federazioen arteko Torneoan. Granollers-en (Katalunia) lehiatutako torneoa zazpigarren tokian amaitu zuten.
Bientzat denboraldi ona izan da. Euren markak hobetu dituzte eta Espainiako txapelketako finalean izan dira. Gainera, Mugartegik Euskadiko errekor berria ezarri du 400 metro hesietan eta 18 urtez azpiko mailan: 1.01.37. Horrek, Europako txapelketan parte hartzeko eskubidea eskaini dio.