Athleticeko fitxaketa Cristian Ganeak Ekana zentroan hasi du prestakuntza

Joseba Derteano 2018ko uzt. 18a, 19:00

Aste bitan bezero berezia izan du Durangoko Ekana zentroak. Besteak beste, kirolarien prestakuntza fisikoa eta teknika lantzeko entrenamendu plangintza pertsonalizatuak eskaintzen dituen zentroa Cristian Ganea futbolariagaz lanean aritu da Athleticek aurredenboraldia hasi aurreko aste bietan.

Jatorri errumaniarra duen basauritarrak Durangoko zentroa aukeratu du bere prestakuntza lantzeko. 15 egun intentso izan dira eta alderdi fisikoa ez ezik, bere zelaiko kokapenak —ezker hegala— eskatzen dituen gaitasun teknikoak hobetzeko ariketak ere egin ditu. Zentroan egindako lana Abadiñoko Astola futbol zelaian egindako saioekin osatu du.

Entrenamendu plangintza pertsonalizatuak ez ezik, kirol eta osasun ikuspuntuko esfortzu probak eta lesio baten osteko berregokitze prozesuak dira Ekanak eskaintzen dituen beste zerbitzuetako batzuk. Batez ere, futbolariekin aritzen dira, Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako jokalariekin, baina beste hainbat kiroletatik ere jotzen dute eurengana, triatloietatik zein korrikako modalitateen mundutik, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!