2005ean onartu ziren Durangorako azken arau subsidiarioak (gaur egun HAPO lez ezaguna), eta orduan, 3.870 etxe egitea aurreikusi zen. Horien artean leudeke estazio zaharreko eremuan egin beharreko 550ak. "Arau subsidiarioak beste marko normatibo eta testuinguru sozioekonomiko batean onartu ziren, hau da, higiezinen burbuilan eta espekulazioaren garaian", esan du EH Bilduk oharrean.
Udalak prozesu partizipatibo bat garatu zuen HAPO berritzeko, eta EH Bilduk dio hurrengo ildo estrategikoa zehaztu zela bertan: lur-eremu berrien okupazioa ekiditea eta erabilera desberdinen oreka bilatzea. "Beste behin herritarrek eta logikak eskatzen duenari entzungor eginez, gobernu taldea nahita atzeratzen ari da Plan Orokorraren eztabaida, oraindik garatu gabeko plan urbanistikoak garatu ahal izateko", salatu du oposizioko lehen indarrak.