“Proiektu oso motibagarria da, teknologia aditiboa guztiz iraultzailea delako”

Markel Onaindia 2018ko uzt. 13a, 09:21

Iraultza industrialeko protagonistetako bat izan zen haria, eta metalaren industriara beste iraultza bat dakar orain. Durangoko Addilan enpresan garatzen ari dira jauzi horren baitako egitasmoetako bat, eta emakume bat da bere arduraduna: Amagoia Paskual (1972) durangarra.

Metalezko piezak teknologia aditiboaren bidez sortzeko berrikuntzan dihardute, WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing) izeneko metodoa erabilita. Makina berezi bat diseinatu dute Addilan enpresakoek, balio erantsi handiko piezak egiten dituzten enpresentzat erabilgarri dena. 3Dko inprimagailu bat bailitzan, hari metalikoagaz geruzak egin eta soldatu egiten ditu makinak aldi berean. Beraz, orain arte bezala piezak forjatu edo higatu ordez, sortu egiten dituzte teknologia berriari esker. Ibilbidea hasi baino ez dute egin, eta dagoeneko sektorearen errekonozimendua jasotzen ari dira.

Nondik dator Addilan enpresaren proiektua? Zeri erantzuten dio?
Addilan makina-erremintako enpresa biren elkarlanetik sortzen da, bata Ona eta bestea Maherholding. Azken honetako negozio berrien arduraduna nintzen proiektu hau hasi zenean, 2013an. Fabrikazio industrialaren baitan, zerbait izaten hasi zen fabrikazio aditiboaren teknologia. Munduan, makina-erremintaren merkatuaren %5eko kopurua lortu zuen. Gainera, digito biko hazkunderako proiekzio ekonomikoak zeuden. Nire helburua izan zen ea zer egin zitekeen ikustea, eta bilaketa horretan aukera bat suertatu zen, WAAM teknologiako makinak egitea. Enpresa bietako langile batzuekin talde bat sortu, eta 2014tik lanean ibili gara: teknologia garatzen, makina diseinatzen, bezeroekin elkarlanean... Emaitzak onak izan direnez, martxan jarri da Addilan.

Bide hori ez duzue bakarrik egin.
Anbizio handiko proiektua da. Tecnalia, EHU, Tekniker, Lortek eta arloko beste batzuekin kolaboratu dugu, eta 2017tik Tecnaliagaz akordio bat dugu, teknologia garatzen lagundu diezaguten. Aipagarria ere, Tknikagaz Lanbide Heziketarako daukagun akordioa.

Ilusioa sortzen al dizu egitasmoak?
Proiektu oso motibagarria da. Lehenik, guztiz iraultzailea delako. Fabrikazio aditiboa asko hazi da eta hazten dago. Azken datuen arabera, 2017an fabrikazio aditiboak 7.336 milioi dolarreko negozio kopurua lortu zuen, 2016an baino %21 gehiago. Oso indartsua da. Hegazkinen, itsasontzien eta trenen industriak honen alde apustu egiten dabiltza. Iraultza bat da. Hemen inguruko enpresa biren ezagutzan oinarrituta gauza berri bat garatu ahal izatea eta aitzindari izatea itzela da.

Irakurri dut zuen makina bakarra dela munduan, berezia.
Fabrikazio aditibo honetan eredu asko daude, duzun beharrizanaren arabera. Guk aukeratu dugun teknologia WAAM deitzen da, hari eta soldadura bidezkoa. Munduan une honetan ez dago gurea bezalako makinarik komertzializatzen duen enpresarik.  Metalezko haria da gure lehengaia. Artxiboa 3D formatuan daukazu, eta piezak behar duen lekuan ipintzen zoaz materiala, 3Dko inprimagailu bat bailitzan: haria botatzen joaten gara eta pieza geruzaz geruza joaten da egiten. Geruza horiek soldaduraren bitartez fusionatzen ditugu. Makinaren gauza garrantzitsu bat da berezko CNC kontrol bat daukala, prozesu osoan kontrolatzen gabiltzala zer gertatzen den. Parametroren bat aldatzen bada, une errealean egokitzen dugu. Addilan makinaren kamera inerteari esker, soldaduran erabiltzen diren material guztiak erabili ahal dira.

Eta zer abantaila ekar dezake?
Metalezko piezak, askotan, bloketik etortzen dira. Bloke hori hartu eta mekanizatzen edo higatzen hasten zara orduan, materiala jaten, azkenengo pieza lortu arte. Bada, fabrikazio aditiboa alderantzizkoa da: zerotik hasten zara eta materiala gehitzen zoaz, pieza hori sortu arte. Bloketik hasterakoan, kasu askotan materialaren %70-80 galdu egiten da, eta, beraz, aditiboagaz aurreztu egiten dugu. Gainera, denbora ere murrizten da; fundiziotik datozen pieza batzuk hileetako denbora behar  izaten dute, trenetako piezek adibidez. Denbora hori hileetatik egunetara pasatzen da aditiboagaz.

Durangaldean eragin handia du metalaren industriak. Teknologia berriak ez al du horretan eragingo?
Hasieran bazegoen kezka bat mekanizatuaren eta higaduraren arlotik. Baina teknologia guztiz osagarriak direla ikusi da, ez dugu mehatxu moduan ikusten. Gauza batzuk aldatuko dira, mekanizatuan egiten diren pieza batzuk aditibotik egin ahalko dira. Baina guk egiten dugun pieza ez da behin betikoa, gero beti mekanizatu behar da, soberakin bat uzten dugulako. Beraz, ez du mekanizatua amaituko. Lote handietan egiten diren piezak ere fundizioan egingo dira, adibidez.

Beste alde batetik, onura ere ekar dezake, ezta? Teknologia berriari bidea zabaltzeko sare bat beharko da.
Euskal enpresekin balio-kate bat sortzen gabiltza, teknologia aditiboko piezak hemen garatu ahal izateko. Gure inguruan, mekanizatzen dakiten enpresa asko daude, erremintak egiten dakitenak, tratamendu termikoak egiten dakitenak... Hori guztia beharrezkoa da.

Zeintzuk izango dira zuen bezeroak?
Aeronautikara enfokatuta egon gara, abantaila asko ematen dituelako. Hegazkin fabrikatzaileak ere apustu egiten dabiltza. Sektore oso kontserbadorea da, normala den lez, inork ez du gura hegazkinak huts egiterik. Iaz titaniozko hiru pieza egiaztatu ziren, eta teknologia guztiz balioztatzea erronketako bat da. Baina ez da sektore bakarra. Itsasoko sektorean, trenetan... Hau da, pieza metaliko handiak fabrikatzen dituzten sektoreetan. Gure makinak, adibidez, 1.200x800x500 milimetroko piezak egin ahal ditu, eta gure asmoa da makina handiagoak egitea. Sektore horiei begira lehiakor izatea ere bada gure erronka bat. Hainbat proba egin ditugu aurretik, propietate mekaniko onak ditugula egiaztatzeko. Izan ere, enpresa horiek oso exijenteak dira.

BECen egindako makina-erremintako bienalean saritu zintuzteten.
Bienalaren baitan teknologia aditiboko azoka bat antolatzen da. Gure makina aurkeztu genuen eta Berrikuntza Sari Nazionala eman ziguten fabrikazio aurreratuen teknologietan. Oso notizia ona da, sektore industrialaren partetik datorren errekonozimendu bat. Orain urtebete ere enpresa berriei eskaintzen zaien Toribio Etxebarria izeneko saria eman ziguten Gipuzkoako Aldundiak, SPRIk eta Eibarko Udalak. Bestalde, azaroan Alemanian egon ginen Addimat elkarteko standagaz; aditiboko azokarik garrantzitsuena egiten da han, mundu mailako eskaparatea, eta aurten ere joango gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!