“Lasterketan maila handia zegoen eta postu bakoitzagatik borrokatu behar izan genuen”

Joseba Derteano 2018ko uzt. 14a, 10:30

Coruñako Laxe herrian salbamendu eta sorospen txapelketa jokatu da eta Natalia Martinez (Durango, 2004) gazteak (Tabira igeriketa taldea)  igeriketa-surf modalitatean eta kadete mailan zilarrezko domina irabazi du.

Zertan datza igeriketa-surf modalitatea?
Itsasertzetik korrika irten eta igerian buien arteko ibilbide bat egitea da. Bidean olatuak 'hartu' daitezke, horregatik surf izenarena.

Zelakoa izan zen zure lasterketa?
Lasterketa zaila izan zen, maila handia zegoelako. Postu bakoitza borrokatu beharra zegoen. Hirugarren geratu zena atze-atzean  izan nuen une askotan eta ni harrapatu nahian ibili zen. Lasterketa estua izan zen.

Dominen borrokan ibiltzea espero zenuen?
Domina bat lortzeko borrokan aritzeko esperantzagaz joan nintzen, bai. Beti izan naiz ona modalitate horretan.

Urrea urrun geratu zen?
Gertu ikusten nuen eta saiatu nintzen harrapatzen, baina indar asko xahutu nituen atzetik zetorrenagaz borrokan, eta aurrekoa urrundu zenean, atzekoarengan zentratu nintzen.

Beste modalitate batzuetan ere ibili zinen. Zelan joan ziren?
Korrika ez naiz oso ona eta hareako probetan ez nintzen finaletarako sailkatu. Uretan, taula erabiltzeko proban, finalerako sailkatzea lortu eta 13. tokian amaitu nuen. Hodiekin egindako erreskate proban B mailako finalera heldu nintzen eta taula bidezko erreskatean ere ondo ibili ginen.

Aurrera begira, zer asmo duzu?
Asteburu honetan txapelketa berean parte hartuko dut, baina kadete mailan barik, gazteen mailan. Kadeteetako bigarren urtean nabil; beraz, maila bat goragoko probetan ibili naiteke. Uda ostean adin horretarako saltoa ematea egokituko zait eta aurretik probatzea erabaki dut. Ez dut dominarik irabaztea espero, oso pozgarria eta ikaragarria litzateke, baina ez da nire helburua. Jendearen maila neurtu eta ikasi egin gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!