Bizkaia-Durango Euskadi-Muriasek, berriro ere, oso gertu izan du etapa garaipena Italiako Giroan. Alice Arzuffik Giroko bigarren etapa irabaztea 500 metrora izan zuen, eta, atzokoa berriz, gutxiagora. Arzuffik etapako azken 25 kilometrokoak ihes eginda pasa zituen Ruth Winder (Sunweb) eta Tayle Wilesekin (Trek) batera eta Bizkaia-Durangoko italiarrak ezin izan zituen aurkariak esprintean menderatu. "Oso pozik nago egindako lanarekin. Behingoz helmugara ihes eginda heltzea lortu dut eta gaineran, lehen aldiz WorldTour bateko podiumera igotzea lortu dut", aitortu du Arzuffik.
Bestalde, Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendaria "oso pozik" agertu da Arzuffik, Lucia Gonzalezek eta Dani Christmasek egindako lanarekin. "Beste behin erakutsi dugu munduko lasterketa garrantzitsuenetan egotea merezi dugula", bukatu du Elorriagak.