Hiru padel pista berri inauguratu dituzte Durangon

Joseba Derteano 2018ko uzt. 9a, 12:32

Azpiegitura berriekin herrian dagoen padel zaletasun handiari erantzuna eman gura dio Durangoko Udalak.

Zapatuan inauguratu zituzten Arripausuetan dauden padel pista berriak. “0bretan, teniseko bi pista birmoldatu dira, eta hirugarren bat kendu da, bertan hiru padel pista egiteko. Padel pistetako bati ezin izan diogu aterpea ipini katenaria batek oztopatu egiten duelako”, adierazi du Pilar Riosek, Durango Kirolakeko arduradunak.

Padelarekiko zaletasuna handitzen joan da urterik urtera eta 2017an, ikastaroen eta alokairuen artean, %80 inguru beteta egoten zen, udal arduradunek informatu dutenez. “Espero dut ekipamendu hauek kirol jarduerak egiten laguntzea eta instalazio duinak eskaintzea gero eta gehiago diren padel zaleentzat”, esan du Riosek. 

Padeleko pista berriek monofilamentozko belar artifiziala daukate, eta bi tenis pistetan ere lur berria ipini da, kirol-erretxinazko lurzorua, Nazioarteko Tenis Federazioak ITF3 kategorian sailkatua. Horrez gain, hiru padel pistak guztiz irisgarriak dira, bertan kirol egokitua sustatu ahal izateko. Beste ezaugarri bat instalatu diren led argiak dira. Gainera, estalkia guztiz itsua da, eguzkiaren erreflexua ekiditeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!